Skip to main content

Ondarroako Udalak eta ongizate batzordea osatzen duten herriko taldeek ‘Danon Ondarru!’ sentsibilizazio kanpaina antolatu dute maiatzerako. Maiatzaren 7tik 25era egongo dira jarduerak eta beraien helburua kontzientziazioa zabaltzea da.

“Ongizate arloan herriko taldeek egiten duten lana ikusarazi eta azpimarratu nahi dugu kanpaina honekin”, esan du Esti Arruti Osa ongizate zinegotziak. “Ongizateko taldeak dira sistemak dauzkan hutsuneak estaltzeaz arduratzen direnak, eta beraiei esker, ondarroa justuagoa eta inklusiboagoa da. Horretaz gain, normalean isilpean egiten duten lana da eta bistaratu egin nahi dugu”. Isilpeko lan horrek, baina, ezinbesteko garrantzia dauka herrian: “alor desberdinetan dihardute lanean egunero, herri hobeago bat egiteko. Herritar askok ez dute jakingo Ondarroan hainbeste ongizate talde dauzkagunik eta are gutxiago nor dagoen horren atzean edo zein den euren jarduna. Taldeak ezagutarazi, egiten duten lana erakutsi eta horietara nola batu, gerturatu edo lagundu azaltzea ere badira kanpainaren helburuak, zehaztu du Arrutik.

Screenshot

Arroz jaia. Maiatzaren 10ean, zapatua, Arroz Jaia egingo du Danonartin elkarteak. 10:00etatik 15:00etara izango da festa. Arroz bilketa egingo dute eta herritarrei arroz paketeak eramateko eskaria egin diete. Horrez gain, paella ere prestatuko dute bertan, zuzenean, eta platerkada bat etxera eramateko aukera ere egongo da. Helburu bikoitza du, beraz, jaiak: batetik, arroz bilketa egitea Danonartin elkarteko erabiltzaileentzat, eta bestetik, paella eskaintzea diru sinboliko baten truke.

Herriko taldeen jarduerak ez ezik, udalak Ibon Oregi kirolari markina-xemeindarraren hitzaldia ere antolatu du maiatzaren 16rako, barikua, 18:30ean Kofradia Zaharrean. Oregik Aparretan bizi berbaldia eskainiko du. 2020ko urrian, auto batek harrapatu zituen bera eta bere lagun bat maratoi bat prestatzen ari zirela. Hanka galdu zuen ondorioz. Gertaera horretatik abiatuta eskainiko du hitzaldia.

Kanpainari amaiera emateko talde guztiek Alameda hartuko dute, maiatzaren 25ean, domeka. Informazio mahaiak ipiniko dituzte euren elkartean egiten dutenari buruzko informazioa emateko eta taldera nola batu azaltzeko. Egun berean, Itsasaurren, lehen sorospen tailerra, baliabideen erakusketa eta umeentzako jarduerak eskainiko ditu Gurutze Gorriak.

Kanpainak dirauen egunetan, herriko taldeek euren jarduna azalduz grabatutako bideoak ere zabalduko dira udalaren sare sozialen bitartez.

Ondarroako Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu sentsibilizazio kanpaina honetan parte hartuko duten herriko talde guztiei. Eta eskerrak baita ere herri hobe bat izateko egiten duten lan guztiarengatik.