Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeingo Udalek hitzarmen bat sinatu dute norbere herriko kiroldegia erabilgarri ez dagoenean (izan itxita dagoelako edo izan matxuraren bat dela eta zerbitzuz kanpo dagoelako) Lea-Artibai eskualdeko beste kiroldegiak erabili ahal izateko. “Hitzarmen honen helburua Lekeitio, Markina-Xemein edota Ondarroako kiroldegia erabilgarri ez dagoenean matxura, mantenu lanak, obrak, jai egunak edo alderdi guztiek ontzat jotzen duten bestelako beharrak direla eta, kiroldegi horretako bazkideek beste bi udaletako kiroldegiak erabiltzeko baldintzak zehaztea da. Akordio honen barruan erabili ahalko diren beste kiroldegietako espazioak igerilekua eta muskulazio gela izango dira”, adierazi dute Zaldupe, Santi Brouard eta Atxondo kiroldegietako zuzendaritzetatik. Irina Alkorta Bedialauneta Ondarroako jarduneko alkateak, Ander Aldazabal Etxeberria Lekeitioko alkateak eta Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkateak sinatu dute hitzarmena. Bertan egon dira baita ere Ibon Bergara Etxearte, Izaskun Robles Arrasate eta Mikel Urkia Zuloaga, hiru herrietako kirol zinegotziak.
Hitzarmena urterokoa izango da eta inork kontrakorik lehenago esan ezean, lau urtera berrituko da. Jarraipen batzorde bat ere sortu da, herri bakoitzeko kirol zinegotziek eta kirol teknikariek osatua eta gutxienez urtean behin elkartuko dira jarraipena egiteko.
Beste bi herrietako kiroldegia erabili behar izanez gero, beste udaletako erabiltzaileen informazioa jasoko du Udal kiroldegi bakoitzeko harrerako pertsonalak, gerora bazkideen kontrola eta udalen arteko erabileraren balorazioa egin ahal izateko. Informazio horretan, intzidentziaren arrazoia (matxura, mantenua, obra, jai eguna edo bestelako beharren bat), erabilitako instalakuntza (igerilekua edo muskulazio gela), gertakizunaren eguna, bazkidearen jatorrizko udalerria eta honen datuak (bazkide zenbakia eta izen abizenak) zehaztu beharko dira.

Hiru herrietako alkateak eta kirol zinegotziak, Zaldupe udal kiroldegian.