Skip to main content

Aurten herritarrek aukeratuko dute Andra Mari jaiak iragartzeko Ondarroako Udalak antolatzen duen lehiaketaren irabazlea. Orain arte kultura batzordean batutako taldeek aukeratzen zuten eta iazko balorazio batzarrean sortutako ideiatik hartu da erabakia. “Iazko balorazio bilera batean mahaigaineratu zen ideia hau: herritarrek beraiek izatea aukera jaiak iragartzeko kartel irabazlea erabakitzeko. Ondo ikusi genuen eta herritarren parte hartzea sustatzeko beste aukera bat dela uste dugu”. Uztailaren lehen hamabostaldian egongo dira ikusgai kartela Udal Erakusketa Aretoan

Pertsonako bozka bat, presentziala. Herritarren bozka gehien jasotzen dituen kartela izango da irabazlea.

“Momentuz ez daukagu sareen bitartez pertsona bakoitzeko bozka bakar bat ematen dela bermatzeko baliabiderik, beraz, aurten, eta are gehiago lehenengoa izanik, bozketa presentziala izatea erabaki dugu”. Lehiaketara aurkezten diren kartel guztiak Udal Erakusketa Aretoan ipiniko dira ikusgai, bakoitza zeinena den identifikatu gabe, eta herritarrek euren gustokoa aukeratu eta bozkatzeko aukera izango dute, presentzialki.

“Lehen aldia da lehiaketari formatu hau ematen dioguna eta amaitutakoan balorazioa egingo dugu, nola gauzatu den ikusteko eta hobetu beharreko puntuak identifikatzeko”, azaldu du Ion Iñaki Artetxe kultura batzordeburuak.

LEHIAKETAREN OINARRIAK:

1. Edonork har dezake parte eta gaia librea da. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du.
2. Kartelaren ezaugarriak:
  • Teknika: edozein.
  • Neurria: A-3
  • Formatoa: euskarri gogorra edo papera.
  • Titulua: Kartelak ondorengoak jaso behar ditu: 2025eko ONDARROAKO JAIAK eta letra txikiagoan, Andra Maixak. Abuztuaren 11tik 17ra.
3. Kartelak noiz eta non aurkeztu:
  • Epea: 2025eko uztailaren 3a  arte, 13:00ak baino lehenago.
  • Tokia: Udal erregistro orokorra edo Ondarroako Egoitza Elektronikoa
  • Postaz aurkezteko helbidea: Ondarroako Udala – Jaietako kartel-lehiaketa 2025 – 48700 Ondarroa
4. Kartela zer-nola aurkeztu

Kartelek ez dute jasoko egilearen izenik, eta kartazal zarratuan sartuta aurkeztuko dira; kartazalean soil-soilik lema edo goitizena jarriko da.

Kartazal horren barruan beste kartazal bat sartuko da eta horren kanpoan lema edo goitizena jarriko da, eta barruan egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbidea eta nortasun agiriaren kopia.

5. Sariak

1. saria: 600 euro (saria ordaintzerakoan dagokion zerga araudia aplikatuko da).

6. Irabazlea aukeratzeko prozesua

Aurkeztutako kartelak ikusgai egongo dira Udal erakusketa aretoan uztailaren 8tik 20ra bitartean. Kartelak aurkezten diren formatuan berdinean jarriko dira udal erakusketa aretoan.

Herritarrek aukera izango dute gustukoen duten kartela zein den erabakitzeko. Udal erakusketa aretoan kutxa bat jarriko da botoa emateko. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Bozka presentzialki egin beharko da eta ezin izan da botu-delegaziorik egin. Irabazlea bozka gehien jasotzen duen kartela izango da. Bi kartelek puntu berdinak jaso izanez gero, Ondarroako Udalaren kultura saila izango da irabazlea nor den erabakiko duena.

Aurkeztutako lanek ez badute behar den besteko kalitaterik, Ondarroako Kultura Sailak erabaki dezake saririk ez ematea.

Lan irabazlea zein den, uztailaren 21ean jakinaraziko da.

Ondarroako Udalak herritarrak deitzen ditu Andra Mari jaietako kartel lehiaketan parte hartzera.

7. Udalak eskuratuko du saritutako kartelaren jabetza, eta eskubidea izango du argitaratzeko, zabaltzeko eta abar. Hortaz gain, udalak eskumena izango du, beharrezkoa ikusiz gero, “QR” edo antzeko elementuak kartelean txertatzeko, beti ere kartelaren konposizioa aldatu gabe. Kartelean erabilitako irudiak egilearen originalak, egileak baimenduak edo erabilpen librekoak izan beharko dira.
8. Saritu gabeko kartelak egileen esku izango dira abuztuaren 8a arte, 14:00ak baino lehenago.
9. Lehiaketan parte hartzen dutenek ontzat hartzen dituzte aipatu arau guztiak. Baldintzak betetzen ez dituzten kartelak lehiaketatik kanpo geratuko dira.
10. Kartelean ezingo da mezu iraingarririk edo Giza Eskubideen kontrakorik agertu.