Ondarroako Udalak ikasketa gela berria ipiniko du martxan datorren ikasturterako. Udalak eta Andra Mari Parrokiak sinatu duten hitzarmenari esker Arrantza Eskola izan zenaren eraikineko beheko solairuan egongo da azpiegitura berria. Ondarroako parrokiarena da eraikina. Lehen KZgunea zen espazioa izango da aurrerantzean ikasketa gela.
Zer da ikasketa gela? Pertsonak ingurune lasai eta egoki batean kontzentratu eta ikasi ahal izateko berariaz diseinatutako espazioa
Parrokiak doan utziko dio Udalari azpiegitura berri hau sortzeko espazioa eta Udalak barruko muntaketa guztia egingo du. Datorren ikasturterako zabalik egotea da helburua. “Udaletik eskerrak eman nahi dizkiogu Ondarroako Andra Mari Parrokiari, herriak behar zuen azpiegitura berri hau prestatzeko bidelagun izateagatik”, adierazi du Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak. Jarduneko alkateak eta Jabier Etxebarria Mugarza Andra Mari Parrokiako apaizak sinatu dute hitzarmena gaur (apirilak 8) udaletxean.
Orain arte Txomin Agirre Udal Liburutegian egon da ikasgela, baina behar berriek beste azpiegitura bat sortu behar izatea ekarri dute, non isiltasun, ordutegi, konexio eta abarren baldintzak hobeak izango diren.
Ikasketa gela berria San Inazio kaleko Antiguako Ama Arrantza Eskola izan zen eraikinean egongo da, beheko solairuan. “Lehenago KZ gunea egon zen gela horretan eta orain ikasketa gela berria egingo dugu. Herri erdian dagoen gela da, 60 metro karratu ditu, irisgarria da (eskailerak jaitsi eta igotzeko plataforma dago ipinita), komun propioa dauka eta uste dugu ikasketa gela batek izan behar dituen baldintza guztiak betetzen dituela”.
Prozesuaren garrantzia. Irina Alkorta Bedialauneta: “Aspaldi hasi genuen ikasketa gela bat herrian ipintzeko bidea. Gazte talde desberdinak zein norbanakoak (ikasleak guztiak) etorri ziren udaletxera halako azpiegitura baten beharra azalduz, euren ustez, Txomin Agirre Udal Liburutegiko ikasketa gelarenak baino baldintza hobeak beharrezkoak zirelako. Begi onez ikusi genuen hasieratik beraien ideia eta orduan hasi ginen lanean. Ez da erraza izan lokala aurkitzea, ezaugarri oso bereziak izan behar baititu, bere helburua ikasteko espazio eroso bat izatea baita: zaratarik gabea, komun propioa izatea, funtzionamendu independientea izateko aukera ematea, edukiera, kokapena… eta nola ez, irisgarria izatea. Hainbat aukeraren bueltan lan egin eta gero, Parrokiaren lokal hau begi onez ikusi genuen, baita gurekin elkarlanean aritu diren gazteek ere, eta hitzarmena sinatzera iritsi gara orain. Lehen esan bezala, beharrezkoak diren egokitzapen guztiak egin ostean, 2025-2026 ikasturterako zabalik egotea nahi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan bidelagun izan ditugun gazteei ere, bai eragile modura etorri direnei eta norbanako gisa etorri direnei ere bai”.
Hiruzpalau astetan ikasketa gela berri bat sortzeko espazioa eskuratzeko hitzarmena sinatuko zela esan zuen udalak herri batzarrean, eta horrela egin da.
Behin hitzarmena sinatuta, funtzionamendurako irizpideak eta arauak ezartzeko unea da orain: ordutegia, sarrera-irteerak, konexioak… Ordutegi malgua eta sarrera kontrolatua izango ditu azpiegitura berriak. Inguruko herri batzuek badauzkate ikasketa gelak eta horien funtzionamenduak aztertuta ari da udala lanketa egiten.