Ondarroako Udalaren ekimenez, udan herriko azpiegituretan egingo diren kirol udalekuen eskaintza aurkeztu dute Zaldupe udal kiroldegiak, Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroa Arraun Elkarteak. “Uste dugu garrantzitsua dela denok batera aurkeztea egongo diren eskaintzak, horrela bakoitzak nahi duena aukeratzeko eta bere udaldia ondo antolatu ahal izateko”, adierazi dute Zaldupe udal kiroldegiko zuzendaritzatik. “Eskaintza batera aurkezten ez badugu, zalantza asko izaten dituzte ume eta gurasoek batan edo bestean izena emateko, datak antolatzeko… helburu bi beteko ditugu honekin: kirol eskaintza bateratua aurkeztea eta ume eta gurasoei erraztasuna ematea udako jarduerak aukeratzeko”.
Ibon bergara Etxearte kirol zinegotziak ere ekimen honen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “martxoan, herriko kirol talde guztiei bidali genien mezu bat gure nahia zein zen adierazten eta hemen batu gara hirurok orain. Askotan, bakoitza bere aldetik ibilita, ematen du herrian ez dagoela udarako jarduerarik umeentzat, eta honek erakusten du kirola egiteko aukera zabala daukagula Ondarroan”. “Gustatuko litzaiguke aurkezpen hau datozen urteetan ere errepikatzea, eta ahal bada, kirol eskaintza zabalagoa egotea ere bai, hori ona izango baita guztiontzat”.
Kiroldegiko udalekuen izen ematea maiatzaren 16rako egin behar da. Aurrerakoa, maiatzaren 25erako eta arraunekoa aurrerago zehaztuko da.
KIROL UDALEKUAK:
- Antolatzailea: Ondarroako Udala. Zaldupe udal kiroldegia.
- Adin tartea: LH1etik LH6ra.
- Noiz: Ekainak 30-Uztailak 11 / Uztailak 14-24
- Non: Zaldupe udal kiroldegian.
- Kirol jarduerak: kirol modalitate desberdinak, jolasak, irteerak, jaia…
- Ordutegia: 09:30etik 13:00era.
- Izena nola eman: apirilaren 28tik maiatzaren 16ra, kiroldegian.
- Besterik: Informazio gehiago, 946134209 telefonoan.
AURRERA KANPUSA:
- Antolatzailea: Aurrera Kirol Elkartea.
- Adin tartea: 2013-2019 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne).
- Noiz: Ekainak 23-27 / Ekainak 30-Uztailak 4 / Uztailak 7-11
- Non: Zaldupe udal futbol zelaian.
- Kirol jarduerak: Futbola.
- Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara.
- Izena nola eman: Izen emate orria betez. HEMEN.
- Besterik: Goizetan, 9:15etik 10:00etara eskolako lanak egiteko aukera egongo da.
ARRAUN ESKOLA:
- Antolatzailea: Ondarroa Arraun Elkartea.
- Noiz: Ekainaren 30etik uzatilaren 25era, asteka apuntatzeko aukerarekin.
- Non: Udal arraun egoitzan.
- Kirol jarduerak: Arrauna.
- Ordutegia: 10:00etatik 13:00era.
- Izena nola eman: Izen emate orria betez. Sare sozialetan argitaratuko dute.