Skip to main content

Ondarroako Udalak bere jarduna herritarrengana gehiago gerturatzeko asmoarekin eta agintaldiko lehen bi urteen errepasoa egoteko helburuarekin herri batzar irekia antolatu du martxoaren 13rako (eguena) portuko lonja berriko hitzaldi aretoan, 18:00etan.

Batzarraren helburua udala herritarrengana gerturatu eta lehen bi urte hauen errepasoa egiteaz gain, aurrera begira dauden erronkak eta proiektuak herritarrekin partekatzea da. Udalarentzat beti izan dira garrantzitsuak herritarren parte hartzea, iritziak jasotzea eta eta erabakiak Elkarrekin hartzea; udala herritarrei zabalik egotea eta herritarrak entzutea azken batean. Hori dela eta, udal gobernuko ordezkari guztiek parte hartuko dute bileran.

Agintaldiko bi urteetan dagoeneko egin dira parte hartze saioak gai konkretu batzuen inguruan, baina hau, ariketa zabalagoa da, inflexio puntu bat. Lehen parte hartzeak Kaleandin (trafikoa murrizteko plana), Kamiñazpin (goiko aldeko igogailuari buruz) eta espazio publikoaren antolaketaren ingurukoak (ostalariekin, herritarrekin eta eragileekin) izan dira eta herritarren parte hartzea nabarmentzekoa izan zen guztietan. Elkar entzuteko eta azalpenak emateko oso egokiak izan ziren parte hartze saio horiek. Dinamika horiek baliagarriak direla ikusirik agintaldi amaierarainoko plana prestatu du udalak; udazkenean, auzo batzarrak ere antolatuko ditu udalak. Datorren urteko udaberrian beste herri batzar bat egingo da berriro, esandakoari jarraipena emateko eta egindakoen inguruan eta etorriko diren erronkei buruz hitz egiteko.

Martxoaren 13ko saioa ere elkar entzuteko ariketa izango da, orain arte egindakoak errepasatu eta datozen erronkak eta proiektuak azaltzeko. Saio honetan udal gobernuak egindako diagnostikoa eta markatutako bide orria azalduko dituzte. Bai herriak eta bai herritarrek aldaketa asko izan dituzte azken urteetan eta beharrezkoa ikusten dugu Ondarroa etorkizunera begira ipiniko  duen egitasmoak aurrera eramatea.

Ondarroako Udalak dei egiten die herritar guztiei batzar honetan parte hartu eta etorkizunera begira dauden plan eta erronken inguruko hausnarketa egitera. Gogoratu, martxoaren 13an, eguena, 18:00etan, portuko lonja berriko batzar aretoan.