Ondarroako Udalak herrira etorri direnei ongi etorria emateko saioa antolatu du otsailaren 1erako, 11:00etan Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Ekitaldi sinboliko honekin, Ondarroara iritsi berriak bizilagun gisa aitortzea da helburua, eta herritar moduan Ondarroako bizitza sozio-kulturalean murgiltzeko ezagutza eta transmisioa egitea.
Horretarako, herriaren azalpen eta orientabideak emango zaizkie, eta herriko eragileen aurkezpena egingo zaie, haiekin harremana izan dezaten sustatu eta herriko bizitza egituratuan parte hartzeko gonbidapena luzatuz.
Herriaren eta ezaugarri orokorren aurkezpena egingo da ekitaldian eta herriko ohitura eta bizimoduaren berri emango zaie, jatorri eta kultur aniztasunaren ideiak balioan jarri, elkar errekonozitzearen eta elkarbizitzaren garrantzian enfasia jarriaz. Herriko dinamika eta egunerokoan integratu eta parte hartzeko gonbitea luzatu, herritar aktiboak izatera animatuz. Horretarako, herriko elkartegintza, kultur eskaintza eta antolaketa, zein bestelako informazioa
eskainiko zaizkie, espazio hauetan parte hartzeko aukera zabalduz.
Herritar berriek dituzten zalantza edo galderei erantzuteko tartea ere egongo da, azken batean, giroa sortu, elkarrekin hitz egin eta esperientziak edo beharrak
elkarbanatzea baita nahia.
Jatorri aniztasuna zenbakitan. Udalak, bestalde, Ondarroako jatorri aniztasuna erakusten duen atari bat ipini du martxan Aztiker etxearekin elkarlanean. “Elkarbizitzaren gakoetako bat gure herria osatzen dugun pertsona, jatorri eta kultura ezberdinen arteko elkar ezagutza da. Elkar ezagutza elkarbizitzaren oinarrian lehen urratsa dela ulertzen dugu, honek elkar ulertzea baitakar atzetik, eta elkarren aitortza ondoren”. Web orri honetan, alde batetik, 2024an Ondarroara etorritako herritarren jatorrizko herrialdea ikusi daiteke; beste alde batetik, 2022 eta 2023 urteetako migrazio saldoa ere kontsultatu daiteke eta amaitzeko, Ondarroara etorritako herritarren jatorrizko 20 udalerri nagusien kontsulta ere egin daiteke, bai Euskal Herriko herriena eta bai Euskal Herritik kanpokoena.