1. Geldialdia
PLAZA GAINEAN
Hementxe hasi zen dena, Plaza Gainean. Alde batera daukagu Zubi Berria, Zubi Berriaren osteko lehenbiziko eraikinean jaio nintzen ni, eta beste aldean daukagu Zubi Zaharra, Ondarroako monumenturik ezagunena.
Lehen, itsasontziak Zubi Zaharrerarino heltzen ziren. Zubi Zaharraren bestaldean zegoen Astilleroa, barkuak konpontzen zituzten lekua. Hemen daukagu Kofradia Zaharra, arraina ekarri eta enkantean jartzen zen lekua, eta Zubi Zaharretik dindiliska jartzen ziren sareak, lehortzen. Kalean saltzen zuten emakumeek arraina. Hauxe zen, beraz, eta da gaur egun ere, Ondarroaren bihotza.
Ondarroako piratak eta Ondarroako piraten abentura berriak liburuak leku honetan inspiratzen dira. Astilleroa izango da nik Ondarroako piraten abenturak kontatzeko hartuko dudan abiapuntua.
Nire aitak txikitan kontatzen zizkidan istorioak dira. Eurek bizitako abenturak. Benetan pasatutakoak. XX. mende erdialdean gertatutakoak.
Abentura asko barregarriak dira baina beste batzuk arriskutsuak eta baita beldurgarriak ere.
Edonola ere, piratak oso argiak zirela konturatzen gara.
Liburuan bi pertsonaia nagusi daude: Kutxi pirata eta Andoni.
Andoni Bilbotik bere familiarekin etorritako mutiko bat da. Bere aitona “Matxoko”, ondarrutarra, ez dabil osasunez oso ondo. Hori dela eta, Andoniren familia osoa uda pasatzera Ondarroara etorriko da.
Ondarroara heldu ahala, Matxoko aitonak esango dio Andoniri Astillerura joateko; eta hor ezagutuko ditu Kutxi pirata eta honen lagun-taldea; eta, beraiei esker, Ondarroako piraten bizimoldea.
Lehenengo egunean, San Juan suak prestatzen ikusiko ditu Kutxiren lagunak eta berehala konturatuko da, izugarrizko lehia dagoela herriko hiru auzoren artean. Kantu bat ere badaukate…
PIRATA IZAN NAHI
- Zu nongoa zara? – galdetu zion Bibotaxek-. Kalandikoa, Kanttoipekoa ala Astillerukoa?
Andonik Antxiñeri begiratu zion. Baina Antxiñek ere leku izen haiek ez zituela ezagutzen ikustean, Astillerukoa zela erantzun zuen, aitona Matxoko Astillerukoa zelako.
- Ez da Astillerukoa! Espia bat da! –garrasi egin zuen belaunak urratuta zituen batek-. Ziur Kanttoipekoen espia dela!
- Orduan ebate egingo diogu!!! –oihu egin zuten gainontzekoek eskuetan makilak hartuta-. Espiek merezi duten ordaina emango diogu!!!
Andonik, pirata haiek, bertan akatuko zutela pentsatu zuen.
Ana Urkiza (Ondarroa, 1969)
Ana Urkiza euskal idazlea eta kazetaria da, eta bere lanek maiz lotzen dituzte genero eta gai ezberdinak, hala nola, poesia, saiakera eta haur literatura. Urkizak bere ahots propioa garatu du, adierazpen poetiko indartsua eta sentiberatasun handikoa. Bere lanek maiz emakumeen mundua, bakardadea, eta barne gatazkak lantzen dituzte, betiere euskarazko literaturan kokatuta. Zainetan ur garden (2004) eta Argiaren alaba (2022) bezalako lanek adierazten dute bere literatura konpromisoa eta euskal kultura eta hizkuntzarekiko maitasuna. Ondarroa herrian txertatua egon arren, Urkizak unibertsaltasuna bilatzen du bere hitzen bidez, eta literaturari sormen freskotasun handia dakar.