4. Geldialdia / ELIZAN
BI APAIZAK
Idazleak behar du babesa hasten ari denean. Horregatik galdetu nion iritzia aitari nire lehen zutabea argitaratu nuenean prentsan, haren onespena jasotzeko. Argitaratu nituen hasierako lanak ziren zutabe horiek, 1998 urrun hartan. Nire hastapenak. lehen zutabe hura ikaragarri landua izan zen, idazketa-ordu luzeen ondorio. Albait hobekien idazteko ahaleginean, ipuin laburraren pareko atera zitzaidan. Baina geroztik konturatu naiz ipuinak ipuin direla eta zutabeak zutabe. Zutabeek ipuinek ez duten ezinbesteko ezaugarria baitute: bat-batekotasuna.
Aitaren erantzuna ez zen edonolakoa izan. Ez nuen haren onespenik jaso. Aitzitik, kontakizun baten bitartez erantzun zidan. Mutil koskorra zelarik ba omen ziren herrian bi apaiz. Sermoia esateko bakoitzak bazuen manera jakin bat. Bata hurbila zen, jendeak xamur jasotzen zituen hark esan nahi zituen guztiak, Don Manuel. Bigarren apaizaren estiloa, ostera, makurra zen. Ez zitzaion ezer ulertzen. Don Jesusi buruz ari zitzaidan. Elizako hasierako ilaretan esertzen ziren aberatsentzako esaten zuen sermoia, atzeko ilaretakoak kontuan hartu gabe. Bada, nik bigarren apaiz horren moduan idazten nuela esan zidan aitak, Don Jesusen moduan, zirkinik egin gabe.
Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970)
Kirmen Uribe euskal idazle garaikide garrantzitsuenetakoa da, bere lanek euskarazko literatura nazioarteko mapan kokatu dute. Eleberriak, olerkiak eta saiakerak idatzi ditu, eta bere estiloa freskoa, hunkigarria eta unibertsala da. Uriberen lehen eleberria, Bilbao-New York-Bilbao (2008), arrakasta handia izan zuen, eta Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen. Bere literaturak familia, maitasuna, memoria eta identitatearen inguruko hausnarketak eskaintzen ditu, beti itsasoaren eta bere herriaren ikuspegitik. Nazioartean ere ezaguna, Uribek New Yorken bizi izan du denbora luzez, baina bere lanetan beti mantendu du Ondarroako itsasoaren oihartzuna.