Eguerdian harri handi bat erortzeko arriskuagatik San Inazio kalea itxi du Udalak
46A eta 46B atarietako bizilagunek egoera okertzen ez bada gauzak hartzen sartzeko aukera izango dute. Goizean arrakala berriak atzeman dituzte lanean ari diren teknikariek eta tamaina handiko harria erortzeko arriskua dagoela ikusita, udalak San Inazio kalea itxi du. Azkenean, harria 15:00ak inguruan erori da.
Gaur arratsaldean auzokoekin egindako bileran jakinarazi zaie 46A eta 46B atarietako bizilagunei bihar goizean gauzak hartzeko aukera izango dutela. Suhiltzaileen laguntzaz sartu ahal izango dute eta denbora eta pertsona kopurua mugatua izango da. “Dena ondo koordinatzen ari gara arrisku gutxien duten atarietako bizilagunak behintzat premiazko gauzak hartzeko aukera izan dezaten” azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Beraz, egoerak okerrera egiten ez badu behintzat, bihar goizeko 11:30ean etxera sartu ahal izango dute.
Gaur goizean teknikariek arrakalak atzeman dituzte Kamiñaldeko lubizian eta harri handiak erortzeko arriskua ikusita, San Inazio kalea oinezko eta ibilgailuentzako itxi du Udalak. “Harriaren erorketak danbada sor dezakeela esan digute teknikariek eta horregatik badaezpada ere San Inazio kalea ere ixteko erabakia hartu dugu” azaldu du Bedialaunetak. Momentuz eta egoerak okerrera egiten ez badu inguruko etxebizitza gehiago husteko beharrizanik ez dagoela azaldu du alkateak.
Auzotarrekin egindako bileran tarte honetan udalak egin dituen gestioen berri eman die herritarrei. Bakoitzak bere seguruarekin kontsulta egiteko gomendioa izan da aipatu duten lehenengo kontua. “Jakin badakigu lubiziengatik ezin izango dutela ezer kobratu baina etxea husteko derrigortasuna azaltzen duen ziurtagiriarekin galdetzeko aholkua eman diegu” azaldu du Bedialaunetak. Aipatutako ziurtagiria gaurko bileran banatu zaie herritar guztiei.
Alokabide eta Etxebideko arduradunekin ere bildu da Ondarroako Udala. Egoera luzatzen bada etxerik barik geratu diren herritarrentzako konponbidea bilatzeko konpromisoa azaldu dute bertako arduradunek. “Beharrizanen arabera, posible den neurrian etxea behar dutenei konponbidea bilatzen saiatuko gara” esan du alkateak. Horretarako gaurko bileran bete beharreko fitxa bana banatu zaie bizilagunei. Astelehenean zerbitzu sozialetatik auzokide guztiei deituko zaie eta bilera batetarako data emango zaie, bertan gizarte laguntzaileekin batera bakoitzaren kasua aztertuko da. “Bitarteko honen bidez, auzokideen errealitatea gertuagotik ezagutu nahi dugu, bilatu behar dugun konponbidea ere neurrikoa izan dadin” aipatu du Rakel Elu ongizateko zinegotziak.
Bitartean kaltetuentzako arreta zerbitzua martxan dagoela gogorarazi du Ondarroako Udalak. “Zalantzak argitzeko edo laguntza eskatzeko 8:00etatik 15:00etara idazkaritzan arreta eskaintzeko pertsona bi egongo dira” azaldu du Bedialaunetak. Orain arte pertsona bakarra egon da baina datorren astetik aurrera, egoerak hala eskatuta zerbitzua indartuko duela esan du Udalak. Telefono bat ere eskuragarri jarri dute: 94 683 36 76. Arreta zerbitzuan gehien jaso den kezka lapurreten arriskuari buruzkoa izan da. “Udalak gunea zainduta dauka gau eta egun” gaineratu du Bedialaunetak.