Ondarroako Udaleko Kirol Sailak, jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko asmoz iaz hasitako proiektuari jarraipena emango dio aurten ere, eta urriaren 30erako antolatu dute lehenengo topaketa. Proiektu honen helburu nagusia kirol ezberdinak ezagutu eta herriko gaztetxoek batera praktikatzea da. Herriko hiru ikastetxeetako LH3tik LH6ra arteko ikasleek izango dute domekako topaketan parte hartzeko aukera, baina aurrez izen-emateko orria ikastetxean entregatu beharko dute.
Topaketa ezberdinen bidez, kirol anitzetan parte hartzeko aukera izango dute herriko gaztetxoek. Jardunaldi hauek hilean behin egingo dira, bakoitzean jarduera edo kirol batzuk landuko direlarik. Honela, lehen hezkuntza amaitzean, ume bakoitzak bere nahi edo gaitasunetara egokitutako aukera egin dezan. ‘Guretzat garrantzitsua da kirol disziplina ezberdinak herriko gaztetxoen eskura jartzea, beraiek gustoko dutena aukeratzeko, aurrez ezagutza bat izan dezaten’ aipatu du Unai Barrenetxea kirol zinegotziak. Jardunaldi hauek aurrera ateratzeko herriko kirol taldeen laguntza izango du udalak. ‘Ezinbestekoa da herriko taldeen inplikazioa proiektu honetan, beraiek dira egokienak egiten dutena gaztetxoei aurkezteko, eta lan hori eskertu behar die udalak’ gaineratu du Barrenetxeak.
Garrantzitsuena ondo pasatzea
Ekimen honen beste ezaugarri batzuk ere nabarmendu behar dira. Jarduera guztietan parte hartzeari emango zaio garrantzia gehien, bestelako kirol jardueretan hain garrantzitsua izan ohi den lehiaketaren aurretik. Gainera jarduera gehienak naturarekin harremanetan egingo dira. Horretaz gain, ikastetxe guztietako gaztetxoek parte hartuko dute topaketetan eta harremanak estutzeko aukera ona izan daitekeela uste du udalak.
Topaketa guztiak dohainik izango dira; Kiroldegian burutzen diren jardueretan abonatu ez direnek sarrera ordaindu beharko dute.
Aurreko urtean arrakasta
Joan den ikasturtean abiatu zen egitasmoa. Hasierako proba moduan, udalak hiru topaketa antolatu zituen eta bakoitzea 60 gaztetxo inguruk parte hartu zuen. ‘Espero genuena baino erantzun hobea izan dute topaketek, horrenbestez aurtengo ikasturtean hilero topaketa ezberdinak antolatzeko erabakia hartu dugu’ dio Barrenetxeak