Aste honetako bi gertakari matxistak salatzeko elkarteratzea Ondarroan

0

Ondarroako Udalak aste honetan erailketa eta eraso matxistak gaitzesteko elkarteratzea egin du gaur Alamedan. Burlatan, 50 urteko gizon batek bikotekidea, Blanca Marques; hil du eta Ultzama ibaira gorpua bota. Valentzian berriz, aitak bere bi urteko alaba larri zauritu du. Udalak, Sara Majarenas, euskal presoari  elkartasuna helarazi nahi dio, Izarra, bere 2 urteko alabak jaso duen eraso basatiaren aurrean. Azken kasu honi, indarkeria matxistaren gain, sakabanaketa politika gehitzen zaiolako.

Elkarteratzearen ostean, emakumeen aurkako indarkeria, giza eskubideen urraketa onartezina dela gogora ekarri dute udaleko ordezkariek. ‘Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista eguneroko ogia da, eta indarkeria hori askotan isilpean ematen dela azpimarratu nahi dugu’ adierazi du Bisit Veiro Berdintasun arloko zinegotziak. Oraindik ere, jendartean, emakumeak errudunak direla eta erasotzaileak zuritzeko joera dagoela ere azpimarratu du Veirok. ‘Emakumeak ez dira jasaten duten indarkeriaren erantzuleak, indarkeria matxista egiturazko izaera duen arazo publikoa da eta dimentsio eta aurpegi asko ditu’ gaineratu du zinegotziak.

Indarkeria matxista jendartearen gaitzik larrienetarikoa da eta emakumeak menderatzea du oinarri, hain zuzen. Horregatik, udalaren ustez, beharrezkoa da indarkeria matxista lehen mailako arazo soziala dela ulertzea, ez delako banakakoen edo bikoteen arteko arazoa, eta ezabatzea denon ardura da. ‘Feminismoak erakutsi zigun pertsonala politikoa dela, eta horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa’ gaineratu du Veirok. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.

Udalak herritar guztiei dei egiten die indarkeria matxista mota guztien aurrean jarrera aktiboa izan dezatela, guztion inplikazioa ezinbestekoa baita arazo publiko horrekin amaitzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko. Aldi berean, Udalak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako lanean sendo jarraituko du tamaina honetako arazo batek behar duen moduan. Horrela, emakumeen kontrako indarkeria kasu guztiak salatuko ditu eta drama sozial honen aurrean tinko erantzungo du.

 

 

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina