2017ko aurrekontuak onartu ditu udalak

0

2017.urteko aurrekontuak onartu ditu Ondarroako Udalak martxoaren 30ean izandako Osoko Bilkuran. EH Bilduren aldeko bozkekin atera dira aurrera aurtengo aurrekontuak; EAJ abstenitu egin da.

Udaleko diru sarrera kopurua jaitsi egin da aurten ere, eta horretaz aparte aurrekontuetan kontenplatu beharreko beste gai garrantzitsu bat gehitu zaio Ondarroako Udalari, Kamiñalde. Kamiñaldeko gaia bideratzeko gutxienez 258.000 mila euro jarri behar izan ditu udalak ongizatea, hirigintza eta ogasuna arloetan. Hori dela eta, 2017an inbertsioetarako 500.000 euro baino ez ditu izango. Kopuru hori gainera, Txomin Agirreko aparkalekuak saltzeko aukera izango duela aurreikusita kalkulatu da, horrela izan ezean inbertsioetarako diru kopurua jaitsi egingo baita. ‘Egoera konplikatua da baina aurrekontuei jarraipen zuzena egiteko asmoa daukagu, beste arloetan gastatzen ez dena inbertsioetara pasatu eta herriaren onurarako erabili ahal izateko’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.

Zerbitzuak lehenetsi

Aurrekontuak osatzea ez da lan erraza izan udalarentzat baina hasieratik herritarrentzako zerbitzuak dauden besteak mantentzeko apustua egin du udalak. Horrenbestez, herri busa eta kiroldegiak kostu gehiago suposatu arren, mantentzea erabaki du Udalak. ‘Herritarren ongizatea eta irisgarritasuna bermatu behar ditugula uste dugu eta horregatik ezinbestekoa da zerbitzuen gutxieneko bat mantentzea’ dio Bedialaunetak. ‘Orain esfortzu bat izango da gainkostu horri aurre egitea baina jakin badakigu herritarrek zerbitzu hauen beharra dutela eta beraz mantentzea premiazkoa da’ gaineratu du.

Diru gutxi izan arren gauza asko egin nahi ditu Ondarroako Udalak urte honetan. ‘Diru gabeziak baina ez ditu udal taldearen asmoak geldiaraziko eta horregatik aurten esaterako, Kamiñazpiko parkea eraberritzeko lanak egingo dira’ azaldu du Eneritz Basurko Hirigintza arloko zinegotziak. Kamiñazpiko parkea eraberritzeaz aparte, hondartzako txiringitoko sukaldea ere berritu nahi du udalak lehiaketara atera orduko.

Kaleko argiztapena ere aztertzen ari da eta Kamiñazpiko parkean egin bezala, herriko hainbat gunetan ere LED argiztapena jarri nahi du udalak. ‘Argiztapen sistema hobetzeaz aparte, kontsumoan aurreztu eta beraz energia kontsumoa ere jaitsi egingo da argi mota hauek erabilita, beraz ezinbestekoa deritzogu aurrerantzean LED argiztapen sistemaren aldeko apustua egitea’ dio Basurkok.

Madalena eta San Juan Txurru kaleetako espaloiak ere konpondu nahi ditu udal taldeak. ‘Herritarren irisgarritasuna bermatzeko ahaleginean lanean ari gara, gauza asko daude egiteko baina herriko auzo gehienetara iristeko asmoa daukagu legegintzaldi honetan’ azaldu du Basurkok. Auzoetako lanez gain, Udalak, Artibai Egoitzako plaza ere txukundu nahi du. ‘Garrantzitsua da apurtuta edo kaltetuta dauden herriko hainbat txoko konpontzea, gauza asko dago egiteko baina apurka-apurka asko aurreratu daiteke’ gaineratu Hirigintza zinegotziak.

Aipatutako proiektuez gain, beste hainbat berrikuntza eta konponketa ere egin nahi ditu Udalak. Beste gauza askoren artean, herriko ziburu guztietan konponketa lanak egiten hasita dago dagoeneko eta aurrerago ere zeregin hauekin jarraituko du.

Bukatzeko, udal eraikinetan ere hobekuntzak egitea aurreikusi du Udalak urte honetan. Hori dela eta, Etxelila eta Udaletxe Zaharrean berogailu sistema aldatzea jaso dute 2017ko aurrekontuetan.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina