Zapatu Azulean eraso sexistak salatzeko telefonoa izango da eskuragarri

0

Radixu eta Etxelilaren arteko lanketaren ondorioz aurtengo Zapatu Azulean intentsitate ezberdinetako eraso sexistak salatzeko telefono zenbakia egongo da behar duenak erabiltzeko (679756824). Telefono honen bitartez, zapatuko jai egunean ematen diren eraso guztiak identifikatu eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbidetu nahi da.

Salaketa soziala aurrera eramateko izaten den oztoporik garrantzitsuenetako bat da erasoen berri ez izatea gertatzen diren unean bertan. Jaien testuinguruan gertatzen diren erasoen berri izaten du udalak, normalean, behin salatuta eta prozesua hasita edo emakumeon kontrako indarkeriaren datuak argitaratzen direnean. Beraz, jaietan gertatzen diren eraso sexisten erradiografia ez da errealitatera hurbiltzen. Hau ulertzeko kontuan hartu behar da soilik salatu diren erasoak zenbatu eta ikertzen direla, eraso gehienak ez direla salatzen eta intentsitate baxuko erasoak ez direla eraso sexistatzat hartzen.

Egoera horri aurre egiteko salaketa telefonoa jarriko da martxan aurten lehenengoz Zapatu Azulean eta hala badagokio, erantzun kolektiboa antolatzeko lantaldea erasoen aurrean erantzuna antolatzeko protokoloa aktibatuko du.

Balibideak ezagutzen dituzten  emakumeek kudeatzen dute aipatutako telefonoa. Telefono bidezko laguntza emateko eta eraso baten aurrean zer egin behar den azaltzeko prestatuak daude telefono honen atzean dauden pertsonak, eta behar izanez gero, erasotua izan den emakumea laguntzeko eta akonpaimanedua egiteko prest daude.

Salaketa telefonoaren proposamena Etxelila eta Radixuko kideen artean egindako lanketatik etorri da. Aurten proba moduan salaketa telefonoa ipiniko da 13:00etatik uztailaren 2ko 8:00etara martxan, hurrengo astean telefonoaren balorazioa egingo da. Jai eremuak eremu aske bihurtzeko saiakera hau, hasiera baino ez dela azaldu dute Radixu eta Etxelilako lagunek, izan ere aurrera begira lanketan sakontzeko asmoa dute.

Indarkeria matxista egunerokoan landu beharreko izan arren, eraso sexistak eta sexualak jaien testuinguruan areagotzen den errealitatea da. Guztien gozamenerako izango diren jaien eraikuntzaren bidean, berebizikoa da erasoen prebentziorako nahiz hauen erantzunerako baliabideak sortzea eta herriko kolektibo, subjektu, eragile, instituzio eta orokorrean, herritar guztien inplikazioa bilatzen saiatzea. Joan den urtean Andra Mari jaiei begira erasorik gabeko jaiak antolatzeko lanketa burutu zein jaien antolakuntzan ibiltzen diren herriko taldeekin batera eta bertan lanketa Zapatu Azulean ere egiteko premia azaldu zuten parte hartzaileek. Hori dela eta, aurten, jai egun honetarako ere lanketa egitea adostu du udalak. Hala ere, Andra Mari jaietan ere brigada moreen antolaketarako lan saioak izango dira uztailaren 12an eta 19an, 17:30ean. Parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du Etxelilan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina