Udaleko Berdintasun Sailak eta Etxelilak antolatu dute urtarrilerako, Menopausia lantzeko tailerra, jabekuntza eskolaren baitan. Urtarrilaren 17, 24 eta 31an izango da Etxelilan, Maite Onaindia Mayor fisioterapeutaren eskutik.
Menopausiaren inguruko lanketa desberdina egitea proposatzen da: “Emakumeen bizitzako momentu garrantzitsua da, non gure aukerak, bai osasun arloan bai emozioen arloan inportantzia handia daukaten. Ideia nagusia zera da: osasun ikuspuntutik menopausia ez dela gaixotasun bat ikusaraztea, eta emakumearentzat ikasteko eta jabekuntza lantzeko momentu ezin hobea izan daitekeela erakustea” adierazi dute antolatzaileek.
Emakumeen zikloa ezagutzea, honen amaierak zer dakarren ikastea eta bai anatomikoki, fisiologikoki zein energetikoki ezagutzea. Alde praktikoan, Do-in automasajea, inkontinentziarako ariketaren bat, EFT teknika errez bat, testajea eta hainbat teknikaz hitz egingo da, parte-hartzaileen interesen arabera.
Ohikoa den eran, izen ematea aldez aurretik egin beharko da Etxelilan edo etxelila@ondarroa.eus-en.