Kamiñaldeko obren kontratua sinatu berri du Zunbeltz Bedialauneta alkateak

0

Astelehenean ez ohiko udal osoko bilkuran udal talde guztiek, aho batez adostu dute Kamiñaldeko obrak Moyua, Gaimaz eta Geotunelen artean osatutako UTE Kamiñalderi esleitzea. Ostiralean bertan Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak UTE Kamiñaldeko ordezkariekin sinatu egin du obraren kontratua.

Datorren astean obra zuzendaritza, geologoak eta topografoekin kontratua sinatutakoan, obrak hasiko direla ziurtatu dute bi aldeek.

“Herri txiki baten lorpen handia” dela adierazi du Bedialaunetak, legegintzaldi osoko Udalaren jarduna baldintzatu eta oztopatu duen Kamiñaldeko ezbeharrari amaiera ematea lortzen ari dela azpimarratuz. “Egon diren zailtasun guztien gainetik, eta beste instituzio eta erakundeek jarritako laguntza urriaren gainetik, herria aurrera ateratzea lortu dugula uste dut. Kamiñaldeko bizilagunek bizitakoa iraganean geratzea lortuko dugu, eta aurrerantzean ondarrutar guztiek merezitako herria eduki dezaten lanean jarraituko dugu”.

Udalbatzak aho batez onartutako esleipena:

Ondarroako Udalbatzak maiatzaren 18an egindako bilkuran Kamiñaldeko mendi magala sendotu, egonkortu, drenatu eta ingurumen leheneratzeko lanen kontratua Viuda de Sanz/Tecimasa UTEri (UTE Kamiñalde Sendotzea) esleitzea onartu zuen. UTE honi jakinarazpena bidali zitzaion ekainaren 28an uztailaren 5eko 12:00etan sinadura ekitaldirako hitzordua jarriz. Uztailaren 3ko idatzi bidez UTE Kamiñalde Sendotzearen ordezkari den Gonzalo Calvo Hernandorenak kontratuaren esleipenari uko egin zion.

Hori horrela bigarren sailkatuari, hau da Moyua, Gaimaz eta Geotunelek osatutako UTEari baldintza guztiak betetzen dituela kreditatzen duen dokumentazioa aurkezteko errekerimendua bidali zitzaion uztailaren 10ean. Irailaren 3ko txostenaren bidez, Behin-behineko Idazkariak nahikotzat jo zuen aurkeztutako dokumentazioa.

Azalpenok eta aipatutako akordio dokumentuan jasotakoa kontuan izanda, Udalbatza osoak aho batez ERABAKI hau hartzen du:

Kamiñaldeko mendi magala sendotzeko, egonkortzeko, drenatzeko eta bertako ingurumena leheneratzeko lanen kontratua Moyua, Gaimaz eta Geotunelen artean osatutako UTE Kamiñalderi esleitzea.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina