Azaroak 25erako adierazpen instituzionala ondartu du Udalbatzak

0

Azaroaren 25a dela eta, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, indarkeria matxistatik libre egongo den jendartea eraikitzearekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Era berean, nazioarteko marko juridikoarekin bat, berriz azpimarratu behar dugu lotura zuzena badagoela genero arrazoiengatiko diskriminazioa eta berdintasun faltaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean, azken hori giza eskubideen urraketa onartezina delarik.

Testuinguru horretan, arreta jarri nahi diogu indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio-eskubideari. Erreparazio horrek egiarako eskubidea dakar; izan ere, entzuna behar du izan bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen errelatoa. Horren guztiaren xedea da hautsitako eskubideak lehengoratzea eta pairatutako indarkeriaren inpaktuak sozialki aitortzea. Indarkeria matxista hauek bizitzen dituzten emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsia izaten da, zikindua, are isilarazia. Halakoetan biktimizazio bikoitza gertatzen da: emakume biktimek jasandako minari lotsa eta erruduntasuna eransten zaio; bitartean, justifikatu egiten dira erasotzaileak.

Tokiko Erakundeetatik gure egin behar dugu jendarte bat eraikitzean daukagun ardura sozial eta politikoa, jendarte horrek biktimen egiarako eskubidea bermatu behar du.

Ezinbestekoa da ematea ahotsa emakumeei, autoritatea beraien testigantzari eta legitimitatea bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari.  Horrek esan nahi du indarkeriaz beharturiko emakumeen hitza aintzakotzat hartu beharra dagoela, haien askatasuna berrezarri, gure komunitatean eskubide osoko duintasun- eta herritartasun-zentzua berreskura dezaten.

Horretarako, Ondarroako Udalak ONDARROAN ETXEKO TRATU TXARRAK ETA SEXU INDARKERIA JASATEN DITUZTEN EMAKUMEEN HARRERA HOBETZEKO KOORDINAZIO PROTOKOLOA berraztertuko du, ondorengoko konpromisoak txertatzeko asmoz:

  • Zerbitzuak hobetzen lagundu, sostengu-zerbitzuzko sare bat gauzatzearekin batera emakumeei arreta osoa bermatzeko bere onera etor daitezen, ahalduntze feminista eta banakako erreparazioa ikuspegi nagusi harturik. Horretarako, besteak beste, Etxelila emakumin topalekua eta Emakumeentzako Jabekuntza Eskola indartuz eta beharrezko balibideak esleituz
  • Bizirik atera diren emakumeak entzun, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzeko, emakumeei bizirauten eta babesten balio dieten aurre-emate estrategiak balioan jarriz.
  • Emakumeen ondoan egon, laguntza-zerbitzuetatik hasita eta bizi izandako indarkeriari buruzko beraien errelatoa sortzeraino, ulertzen baita indarkeria hori menderapen- eta kontrol-mekanismoa dela, jendarte-sistema patriarkalean eraikia.
  • Etxelilaren bitartez guneak sortzea ekimen kolektiboei laguntza emateko (laguntza-taldeak eta plataformak), hartara bizirik irtendako emakumeek indarkeria horri buruzko errelato kolektiboa landu dezaten eta hautsitako eskubideak zein erreparazioa aldarrika ditzaten.
  • Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak egiaztatzeko.
  • Aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazioko ekitaldiak egin, indibidualak zein kolektiboak: emakumeen erresistentzia-memoria berreskuratzeko ikerketak; omenaldi-ekitaldiak; emakumeen memoria eta errelatoak jakinarazteko jardunaldiak; gazteekiko sentsibilizazio-tailerrak Udal Hezkidetza Egitasmoari jarraipena emanez, e.a.
  • Elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektibo eta elkarteekin.

Aldi berean, herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten indarkeria matxistaren kontra egiteko, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina