Ondarroako Udalak Casa Galiciari emango dio 2019ko Zilarrezko Antxoa. 50 urte beteko ditu aurten elkarteak eta Zunbeltz Bedialauneta alkatearen arabera “Urte guzti hauetan herrigintzan parte aktibo izan dira, kulturgintzan eta jaietan parte garrantzitsu bat izateraino; urtero hartzen dute parte Antxoa Egunean, adibidez. Ondarroan aniztasunaren alde egin duten lana ere txalotu egin behar dugu, denontzako izango den Ondarroaren alde lan egin dutelako”.
50 eta 60. hamarkaden artean Ondarroara etorri ziren galiziarrek sortu zuten Elkartea, eta ordutik egindako lana eskertu nahi du Ondarroako Udalak. EAEn bizi diren 41.978 galiziarretik, BIzkaian bizi dira 26.309.
Casa Galicia 1969. urtean sortu zen Ondarroan “Euskadin Galiziaren luzapen bat sortzeko, bertan bizi diren galiziar eta ez galiziarrak senidetzeko asmoz”. Ospakizun ugari antolatu izan ditu Ondarroako herriarekin batera, besteak beste, Santiago apostolu eta Karmengo Ama Birjinaren jaia. Egun horietan aukera izaten da Galiziako produktu tipikoak dastatzeko, bai eta Queimada famatua ere, adibidez.