Nerea Badiola eta Amaia Galdos Kontxako txapeldun

0

Nerea Badiola eta Amaia Galdos Orioko arraunlari ondarrutarrek Kontxako bandera irabazi dute gaur. Orio Arraunketa Elkarteak irabazten duen lehen aldia izan da. Zorionak neskak! Alkateak eta alkateordeak ontzian bertan eman dizkie zorionak oriotarrei, Kontxako bandera astindu dutenean.

Galdos eta Badiola, Nagore Badiola Kirol zinegotziarekin.

Amaiak eta Nereak ikaragarrizko denboraldia egin dute eta gaurkoa inoiz ahaztuko ez duten denboraldi baten azken urratsa izan da; EuskoTren liga ere irabazi zuten. Kontxan nagusi izan dira hasieratik, sailkapen estropadan eta lehen jardunaldian denbora onenak eginez. Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia ere eurenganatu zuten abuztuaren 10ean herrian, eta baita Euskadiko Traineru Txapelketa ere.

Amaia Galdos eta Nerea Badiola, ligako garaikurrarekin.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak zorionak eman nahi izan dizkie bi arraunlariei. Bertatik bertara egiteko aukera eduki dute gainera alkateak eta Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak, ordezkarien txalupatik jarraitu baitute gaurko jardunaldia. Nagore Badiola Alberdik ere goraipatu egin nahi izan du bi arraunlarien lana, baina azpimarratu egin nahi izan du baita ere Mar Larreak eta Saray Caamañok Gu Arraunekin lortutako bigarren postua. “Nagore Osorok eta June Aranbarrik Zumaiako Telmo Deunekin zabaldutako bideak jarraipena dauka Kontxan, eta seguru gaude laister herriko traineruarekin emango zaiola jarraipena historia horri”.

Mar eta Saray, Arraun Lagunakeko ondarrutarrak. Argazkia: Ondarroako Kirolaren Leihoa

Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak herriko neskak kirolean hartzen ari diren protagonismoa azpimarratu du. “Urte luzez mutilena zela zirudien alor honek geroz eta erreferente gehiago ditu herrian, bai arraunean eta bai arraunetik kanpo, eta horrek oso eragin positiboa edukiko du datozen belaunaldientzat. Guk ere sustapen lan horretan jarraituko dugu”.

Argazkiak: Ondarroako Kirolaren Leihoa

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Comments are closed.