Ondarroako Udalak eta Danonartin elkarteak azaroaren 26rako deitu zuten boluntarioak batzeko batzarrera 35 herritar agertu ziren eta horiei esker Danonartin proiektuak martxan jarraitu ahal izango du. Ezer baino lehen, Ongizate Batzordeko kideek eskerrak eman nahi dizkiete bertaratutako herritar guztiei, beraien borondaterik gabe proiektuak aurrera jarraitzea ezinezkoa izango litzatekeelako. Nazio mailako janari bilketa iragan astean hasi bazen ere, Ondarroan abenduaren 13 arratsaldean eta 14 goizean egingo da herriko janari denden atarietan.
Batzarrean erabaki zen elkarteak egiten dituen lanak lau ataletan banatu eta talde bakoitza atal batekin arduratzea: Elikagai Bankutik etortzen den kamioiaren deskarga (hilabetean behin), Ondarroako dendetan janari bilketak egitea (talde honetako kideek erabakiko dituzte ordutegia eta maiztasuna), banaketa egunerako kaxak edo loteak prestatzea (hilabetean behin, taldekideek erabakitzen duten egun eta orduan) eta banaketa (hilabetean behin Gizarte Zerbitzuek esleitutakoaren araberako banaketa egin Danonartineko lokalean).
Ondarroan abenduaren 13 arratsaldean eta 14 goizean egingo da janari bilketa nagusia herriko janari denden atarietan.
Ongizate Batzordetik azpimarratu dutenez batzarrera gerturatutako herritarrek talde oso aberatsa osatu zuten, adin eta profil desberdinetakoa: “oso pozik gaude herritarren erantzunarekin. Nahi duenak badauka denbora oraindik ere taldera batzeko”. Proiektuan murgildu eta boluntario gisa aipatutako lanen bat egiteko prest dauden herritarrek danonartin@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat baino ez dute bidali behar.