Zabalik dago Ibaiondoko aparkalekua

0

Ondarroako Udalak otsailaren 14an zabaldu du Ibaiondoko aparkalekua. Egun horretatik aurrera izena eman dutenek erabilgarri daukate aparkalekua. Udalak banan-banan telefonoz deitu die erabiltzaile guztiei udaletxeko lehen pisutik igaro daitezen aparkalekuko giltzak hartzera. Hartu ez dituztenek astelehenetik ostiralera egin ahalko dute, 09:00etatik 14:00etara udaletxeko lehen solairuan (idazkaritzan).

Bi solairu ditu Ibaiondoko aparkalekuak.

Aparkalekuak zabaltzeko hainbat hobekuntza egin behar izan ditu Ondarroako Udalak, eta zenbait konponketa txiki geratzen badira ere aparkalekuak erabilgarri ipintzea “lehentasuna” izan dela esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak: “urteetan itxita egon ondoren asko kostatu zaigu aparkalekua zabaltzea eta konponketa txiki batzuk geratu arren uste dugu lehentasuna zela aparkalekuak zabaldu eta erabiltzaileek kotxea bertan sartzeko aukera ahal bezain arinen edukitzea”.

Zunbeltz Bedialauneta: Apirilean edo maiatzean berriz ere zabalduko dugu aparkalekuetan izena emateko aukera, herritar gehiago animatzeko. Orain ibilitako prozedura berdina ibiliko da eta ohiko informazio bideetatik zabalduko dugu deialdia.

Konponketak egin beharra. Hainbeste denbora itxita egondako azpiegitura handia izanda, Ondarroako Udalak hainbat konponketa egin behar izan ditu aparkalekua zabaldu baino lehen. Irisgarritasuna bermatzeko igogailua berriztatu da, esaterako. Ateak ere konpondu dira eta zeuden hezetasun guneetan ere konponketak egin dira. Aparkalekuaren funtzionamendu ona bermatzeko segurtasun neurriak ere eguneratu dira, suaren kontrako neurriak eta aireztapen sistema esaterako.

Aparkalekua zabalik dagoenez Ondarroako Udalak gogorarazi nahi du hemendik aurrera ezin dela aparkalekuaren sarrerako aldapan ibilgailurik utzi. Hori dela eta udalak ibi iraunkorra dela adierazten duen seinalea ere ipini du.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina