Ondarroako Udalak Antxoa Egune bertan behera uztea erabaki behar izan du, eguna iristeko hilabete eta erdi baino gutxiago geratzen direnean Covid-19ak eragindako larrialdialdi egoerak ez dituelako jai bat antolatzeko behar diren gutxiengoa betetzea ahalbidetzen.
Larrialdi egoeran egonik udalak bertan behera uztearen aldeko erabakia hartu behar izan du. Baliteke eguna iristean larrialdi egoera gaur egun bezalakoa ez izatea, baina udalak uste du ezinezkoa litzatekeela hainbeste herritar eta bisitari batzen dituen jaian osasun eta segurtasun baldintza minimoak betetzea. Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak esan du udala hasita zegoela antolakuntza lanetan, eta erabakia orain arte ez baieztatzearen arrazoia larrialdi egoeraren bilakaera noloakoa izango zen jakitea izan dela: “larrialdi egoera gutxienez apirilaren 26ra arte luzatuta, ez dugu maiatzaren 16rako halako jai bat antolatzeko baldintza egokiak beteko direla ikusten; larrialdi egoera apirilaren 26an amaituko balitz ere ez dugu uste egokia denik 20 egunen buruan halako ekitaldi handi bat antolatzea”.
Zinegotziak azpimarratu du erabakia irmoa dela eta Antxoa Eguna ez dela urteko beste egun batean antolatuko: “uste dugu Antxoa Eguna antxoa sasoian ospatu beharreko jaia dela, hori baita bere oinarria. Arrantzaleak ez daude antxoatan eta herritarrak ere ez daude kalean. Aurtengoa bertan behera lagako dugu eta seguru datorren urtean gehiago gozatuko dugula 2021eko Antxoa Eguna”.