Aurrerako Ohorezko Mailako taldea 3.mailara igo berri da; Zorionak eta Aurrera Beti!

0

Larrialdi egoera zela eta martxoaren 7an jokatu eta irabazi zuen Aurrera Kirol Elkarteko Ohorezko Mailako taldeak ligako azken partida. Liderra zen ordurako. Ibon Lopezen mutilek puntu bat eta bi puntu ateratzen dizkiote oraindik orain bigarren eta hirugarren sailkatuei eta federakuntzak ligak amaitutzat eman dituenez Aurrera 3.mailan dago berriz ere. Espainiako Futbol Federakuntzaren proposamenari jarraituz Euskadiko zein Bizkaiko Federazioek proposamen bera luzatu diote Eusko Jaurlaritzari eta honek baiezkoa eman dio proposamen horri.

Mendeurrena 3.mailan. Aurrerak 100 urte beteko ditu datorren urtean (1921-2021) eta mendeurrena merezi duen lekuan ospatuko du herriko taldeak. Denboraldiaren hasiera erraza izan ez bazen ere gutxika-gutxika taldeak aurrera egin eta goiko postuetaraino ailegatzea lortu zuen, azkenean liderra izateraino eta orain saria eurenganatzeraino.

Aurrerako jokalariak gol bat ospatzen Bermeon.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eta Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak talde osoa zoriondu nahi izan dute, eta bereziki astero-astero taldeari laguntzen eta babesa ematen dieten herritarrak: “talde lanak fruituak eman ditu aurten. Pena izan da igoera denboraldia amaituta ezin lortzea, baina mailaz igo badira merezi dutelako da, sailkapenaren lehen postuan zeudelako. Posible denean ospatuko dugu herri guztiak.

Martxoaren 7ko arratsaldean jokatu zuen Aurrerak azken partida. Egun hartan 2-1 menderatu zuen San Pedro Ibon Lopezen taldeak Zaldupen. Garaipen horrekin 21 jardunaldi egin ditu taldeak galdu gabe; denboraldian bakarrik 2 partidu galdu ditu (biak etxean, lehen eta hirugarren jardunaldietan).

Aurrera KE 2-1 San Pedro partiduaren laburpena, jokatu zen azkena. Bideoa: Leartigol

3.MAILARA IGOERAK:

  • 1962/1963 denboraldia. Lehendakaria: Pedro Mari Etxano. Entrenatzailea: J.M. Iparragirre.
  • 1977/1978 denboraldia. Lehendakaria: Jose Mari Gisasola. Entrenatzailea: Ramon Murgiondo.
  • 1985/1986 denboraldia. Lehendakaria: Jose Mari Gisasola. Entrenatzailea: J.M Bengoetxea.
  • 2014/2015 denboraldia. Lehendakaria: Eladino Gonzalez. Entrenatzailea: Xepe Gallastegi.
  • 2019/2020 denboraldia. Lehendakaria: Eladino Gonzalez. Entrenatzailea: Ibon Lopez.

Ibon Lopez entrenatzaile ondarrutarrak lortu du Aurrera bosgarren aldiz 3.mailara igotzea, bere laguntzaileekin batera. Argazkia: ondarroako Kirolaren Leihoa.

Aurrera 3.mailan dago berriz. Igoera lortu duen bosgarren aldia da. Zorionak Ondarroako Udalaren partez jokalari, entrenatzaile, laguntzaile eta zuzendaritza batzordeko kideei. Orain behar bezala ospatu ezin den arren iritsiko da horretarako momentua ere. Bien bitartean gozatu 2014/2015 denboraldiko igoeraren ospakizunarekin eta AURRERA BETI!

2014/2015 denboraldiko igoeraren ospakizunak. Bideoa: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina