Dantzarako gelak egokitzen ari dira Zaldupe udal kiroldegian

0

Ondarroako Udala Zaldupe udal kiroldegiko hainbat gela berrantolatzen eta egokitzen ari da. Kirolzaleen eskariak aldatuz doaz azken urteetan eta horrek birmoldaketa prozesu batera eraman du kiroldegia. Gihartza gelan eta bigarren soinketa gelan ari dira lanean. «Apurka bada ere kiroldegia eta bertako instalakuntzak herritarren eskarira moldatzen joatea da gure asmoa», esan du Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak.

Hurrengo egunetan argitaratuko dituzte Ondarroako Udalak eta Zaldupe udal kiroldegiak ikasturte berrirako ikastaroak zein izango diren.

Gihartza gela (gimnasioa) espazio zabala izango da eta bertan tarima ipiniko da, jazz dantza eta beste ikastaro batzuk eman ahal izateko. Tarimarekin batera ispiluak ere ipiniko dira. Tarima botako da dantzan egiterakoan aproposagoa delako dantzarientzat, pisua hobeto jasaten duelako eta birak egiteko leunagoa delako. Gihartza gelaren barruan zegoen beste espazioa, ostera, kardio gunea zegoena, balleta egiteko erabiliko da.

Bigarren soinketa gelan berriz (harrera bulegoaren gainean dagoena) parketa ipiniko da. Egun espazio hori kiroldegiak eskaintzen dituen jarduera desberdinak egiteko erabiltzen da. «Gaur egun zoru biguna dauka, baina parketa hobeagoa da ariketak egiteko eta horregatik aldatuko dugu. Zoru bigun horren zati horiek kiroldegiko beste espazio batzuetan erabiliko dira, gimnasioko pisuen gunean esaterako, lurraren kontrako talka handiegia izatea ekiditeko», zehaztu du zinegotziak. Gimnasioa, orain, lehen solairuko dantza gela handian dago.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina