Kukaña berria ipini dute, behin behinean; mesedez, arauak errespetatu

0

Astilleruko kukaña berria bere lekuan da, maiatzaren 15 arratsaldean ordura arte zegoena hautsi ostean. Ipini dutena eukalipto zuhaitzaren enborra da eta behin behinekoa izango da; orain artekoa pinua zen. Neguan ipiniko dute behin betikoa izango dena, baina udan herrian kukañak daukan garrantzia ikusirik, batez ere gaztetxoentzat, behin behinekoa bada ere ipintzea erabaki da.

Ondarroako Udalarekin batera kukaña ipintzeko lanetan Bittor Muñiz eta Josu Laka “Trontxo” aritu dira, urteetan kukañaren zaindariak direnak. “Eskerrak eman nahi dizkiet benetan, herriko altxorretako eta sinboloetako bat zaintzeko erakusten duten borondatearengatik eta ardurarengatik”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Kukañaren muntaketa lanak.

Kukaña berriak 14’60 metro ditu, aurrekoak baino 10 zentimetro gehiago; Euskal Herriko luzeena da. Azpiko aldea ez zaio margotu oraingoan, egurrak oxigenatzeko aukera handiagoa eduki dezan.

Kukaña ipinita, iaz modura ingurua balizatzea eta ingurua oinezko gune bihurtzea izango dira hurrengo urratsak, hurrengo egunetan. Berez, oinezko gunea da eremu hori, eta neguan autoak aparkatzeko baliatzen den arren udan berezko izaera hartu eta umeentzako jolastoki bilakatzen da. Balizamendua iaz egin zen lehen aldiz eta asko eskertu zuten guraso eta umeek, segurtasuna areagotzeko balio izan zuelako: “aurten ere ideia berdinarekin egingo dugu balizamendua”.

Aurrerako mendeurrenaren bandera dauka puntan kukañak. Hartzen duenak, berarentzat.

Arauak errespetatu beharra. Kukaña apurtu izanak arauak gehiago betetzeko balio izan behar duela azpimarratu dute udal ordezkariek. Kukañaren parean dagoen seinaleak argi uzten du une berean bi pertsona baino gehiago ezin direla kukaña gainean egon eta kulunkatzea ere debekatuta dagoela. Arau horiek betetzea funtsezkoa izango da kukañaren erabilera egokia bermatzeko.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina