Ondarroako Udalak, aurrera begira etxebizitza politika eraginkorra diseinatzeko asmoarekin, gazteen eta etxebizitzaren inguruko diagnostikoa egingo du Aztikerren bitartez. Diagnostiko hori 18-35 urte bitarteko gazteen bizipen eta iritzietan oinarrituko da. 300 erantzun baino gehiago jasotzea da asmoa.
Ikerketa lan horren urratsetako bat azaroan zehar egingo den inkesta bat da, 18 urtetik 35 urtera arteko gazte ondarrutarrei. Udalak eta Aztikerrek zozketaz aukeratutako pertsonei bidaliko dizkiete inkestak; “herriko gazteek zenbat eta inkesta gehiago bete orduan eta zehatzagoa izango da inkestaren ondorioa”, azaldu du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak. “Oso garrantzitsua da errealitate hau lehen eskutik ezagutzea etxebizitzaren inguruko politika eraginkorrak diseinatzen hasi baino lehen”. Inkestak bidaltzeko zozketa adin-tarte eta sexuari erreparatutako balioen arabera egin da, herritarren proportzioak mantenduz.
Galdetegia. Galdetegia betetzea erraza izango da, 10 minutu eskaseko zeregina. Erabat anonimoa izango da eta Aztiker Soziologia Ikergunea arduratuko da datuak jaso eta tratatzeaz. Inkesta Internet bidez ere bete daiteke, lotura honetan klikatuta (azaroaren 11tik 26ra bitartean): INKESTA.