Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan urte guztiko aldarriak ozenago entzungo dira Ondarroan. Horren harira, egitarau zabala aurkeztu du Ondarroako Udalak, Emakumeen Udal Kontseiluarekin eta Etxelilarekin batera. Urte guztian feminismoaren alorrean egiten den lanketari jarraituz, alor desberdinak eta gai anitzak ukituko dituzten ekimenak antolatu dira.
Sarrerak eta gonbidapenak Turismo Bulegoan daude eskuragarri dagoeneko. Martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egoten da zabalik Turismo Bulegoa.
Ekimenen artean, urteroko elkarretaratzea martxoaren 8an bertan, aurten berriro berreskuratuko diren Antiguako Amako luntxa eta dantzaldia edota Itsasoan gaittun dokumentalaren proiekzioa daude. Dokumental honek emakumeek itsasoari eta arrantzari lotutako gaietan daukaten garrantzia azpimarratzen eta erakusten du; lau ondarrutarrek parte hartu dute, eta dokumentalaren proiekzioan ere parte hartuko dute martxoaren 10ean: Margarita Ariztondo Bakeriza eta Elo Ariztondo Bakeriza tabernariak, Amaia Diz San Martin enpakatzailea, Maite Burgoa San Severino saregilea.
Andrezaharraren manifestua antzezlana Literatur Amuak jaialdirako zegoen antolatuta baina bertan behera geratu behar izan zen. Orain, saio horretara joan nahi dutenek berriz jaso behar dituzte gonbidapenak Turismo Bulegoan.
Sarrerak. Itsasoan gaittun dokumentalaren proiekziorako eta eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizunerako sarrerak erosi behar dira, Turismo Bulegoan 3 eurotan. Gainontzeko ekintzetan parte hartzeko ez da sarrerarik beharko eta espazio bakoitzeko aforoa bete ahala itxiko dira ateak.