Zapato Azulean espero den jendetza aurreikusita, Ondarroako Udalak hainbat neurri berezi hartu ditu herritarrek zein Ondarroara datozen bisitariek jaia ahalik eta hobekien pasatzeko ingurua errespetatuz. Aparkalekuetan, hondakinen kudeaketan, segurtasunean eta garbitasunean hartu dira neurriak
APARKALEKUAK: Zapato Azuleko gune desberdinen muntaiak direla eta hainbat aparkaleku kendu egin behar izan dira. Horri aurre egiteko, Zaldupeko frontoia, saihesbideko hegalak eta portua autoak aparkatzeko erabili ahalko dira. Zaldupeko frontoia eta saihesbidearen hegalak domeka iluntzerako hustu egin beharko dira, hurrengo egunean euren ohiko jardunera itzuli ahal izateko, batez ere Zaldupeko frontoi ingurua. Portuko sarrera goizeko 10:00etan zabalduko da ibilgailuentzat eta gauerdian itxiko da; ordu horretatik aurrera ohiko izaera izango du eta bakarrik baimenduak sartu ahalko dira. Kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko deia luzatzen zaie udaletik eta jaiaren antolatzailea den Radixu irratitik. Eskualdeko herrietarako Gababus zerbitzua ere egongo da, Itsasaurreko geralekutik.
HONDAKINEN KUDEAKETA: Zapato Azule ospatu den azken aldietan herriko kaleetan agertutako hondakin kopuru handia ikusirik, udalak gehitu egin du edukiontzi kopurua jai eremuan. Baina azpimarratu dute kontua ez dela bakarrik edukiontziak erabiltzea, baizik eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea. Bide horretatik aurten ere edalontzi berrerabilgarriak egongo dira eskuragarri. Edukiontzi gehiago ipini dira Alde Zaharrean, Kantoipen, Itsasaurren eta Musika Plazan.
SEGURTASUNA: Aurreko Zapato Azuletan eta Andra Mari jaietan moduan, Ondarroako Udaltzaingoak 24 orduko zerbitzua eskainiko du. Udalak uste du oso garrantzitsua dela halako jendetza aurreikusita herritarrei lehen eskuko zerbitzua eskaintzea egun guztian. Segurtasunari lotuta doa baita ere Berdintasun sailak martxan ipini duen eraso matxisten kontrako telefonoa (688 772 772). Telefono horretan eraso matxistaren bat jasan dutenei laguntza zuzena eta akonpainamendua eskainiko zaizkie. Horretaz gain, Ondarroako Udaltzaingoan gaueko txandan arituko diren udaltzainek ere irizpide bereziak jaso dituzte halako kasuren bat gertatuz gero zer eta nola egin eta zerbitzu horren bitartez kudeaketa nola gauzatu jakiteko.
GARBITASUNA: Zapato Azuleko biharamunerako garbitasun dispositiboa ere handitu egin du udalak. Garbitzaile gehiago arituko dira herriko kaleak garbitzeko lanetan eta bitarteko gehiago ere izango dituzte horretarako, herriko kaleak ahalik eta arinen normaltasunera itzultzeko. Komunak ere ipiniko dira herriko hainbat puntutan. Edukiontzi gehiago ere egongo dira jaiguneko puntu desberdinetan eta domekan kaleak garbitzeko kamioi hidrogarbigailu bat eta ohikoak baino ibilgailu ekortzaile bat gehiago ere egongo dira.
Zapato Azule ondo pasatzea opa dizuegu, baina ingurukoak eta herria errespetatuz.
Ondarroako Udala eta Radixu irratia.