Andra Mari jaietako egitaraua aurkeztu du Ondarroako Udalak; irakurri hemen

0

Ondarroako Udalak 2022ko Andra Mari jaietako egitaraua aurkeztu du eta datozen egunetan banatuko da herriko etxe guztietara. Bi urteko etenaldiaren ondoren ekintzaz betetako Andra Mari jaiak datoz.

[ANDRA MARI JAIETAKO EGITARAUA]

Beñat Eizagirre Artetxe ondarrutarraren kartelak atondu du aurtengo egitaraua.

Datozen egunetan jasoko duzu zure etxean.

Leokadi abuztuaren 14ko gauerdian jaitsiko bada ere, aurretik ere egongo da zertaz gozatu Ondarroan, abuztuaren 11an Santa Klara eguna (eguena), abuztuaren 12an Umeen eguna (barikua) eta abuztuaren 13an (zapatua) Gazte eguna ospatuko baitira. Herriko taldeek antolatutako ekimenak eta musika izango dira jaietako oinarria: “Andra Mari jaietako sustengu nagusia herriko taldeak dira eta programaren bi heren dira beraiek antolatutako ekintzak. Herritarrak dira jaien erdigune eta udaletik beraien alboan egoten jarraituko dugu. Horren adibide dira, esaterako, Leokadiren jaitsiera eta igoera, Artelanek antolatutako ekimenak, marmitako lehiaketa, txosnaguneak eta bertako ekimenak, Plazagain…”, azaldu du Aritza Aristondo Kultura batzordeburuak.

[ANDRA MARI JAIETAKO EGITARAUA]

Aurtengo kontzertu nagusiak bi izango dira: Su Ta Gar taldeak joko du Kuadrilla egunean (abuztuak 16, martitzena) Itsasaurreko karpan eta biharamunean, Arrantzale egunean, Gozategik joko du leku berean. Horrez gain ez dira faltako erromeriak, herriko taldeen kontzertuak, kalejirak, txistulariak, Kresala musika banda… “Andra Mari eguneko eguerdiko kontzertua ere formatuz aldatu dugu. Azken urteetan Mutriku Musika Banda etorri izan da, baina aurten ezinezkoa zutenez EinGo! taldeak joko du; oholtza gainean ariko dira lehenengo, eta kalez-kale gero”.

Urteroko ekimenak ez dira faltako: umeen eta nagusien kukañak, su artifizialak, oihal eta trapezio ikuskizuna, danborrada, gazte bazkaria, estropadak…

[ANDRA MARI JAIETAKO EGITARAUA]

Zapato Azulean egin modura, Andra Mari jaietarako ere eraso matxisten aurkako telefono berezi bat ipini du martxan Ondarroako Udalak. Telefono hau Andra Mari jaietan gerta daitezkeen eraso matxisten aurkako protokoloaren baitan dago. Protokoloa herriko talde eta eragileekin landu eta idatzi da, eta Ondarroako kaleetan espazio publikoa hartu nahi duen orok onartu behar izan du. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziaren esanetan protokoloa etengabe hobetzen doan tresna da, eta aurten ere urrats gehiago eman dira. “Jai giroan eta jaietako espazioetan areagotu egiten dira eraso matxistak eta horiei erantzuteko herrira egokitutako protokoloa egin dugu. Baina herrira egokitutakoa izateko argi geneukan herriko eragileekin landua izan behar zela, ez bakarrik udaletik abiatutako zerbait, eta horrela egin dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet protokoloaren lanketan parte hartu duten guztiei, eta baita aipamen bat ere. Hauek izan dira: Noya taberna, Anaitasuna taberna, Arrantzale taberna, Apallu taberna, Torrepe taberna, Kabia taberna, Danak etxea! elkartasun gunea, Plazagain jantokia, Mamarratxosni, Txilixoka, Ernai eta Ikama”.

Telefono horretan eraso matxistaren bat jasan edo ikusi dutenei lagunduk zaie eta gertatutakoaren erregistro bat eramateko ere balioko du. Telefono horren arreta zerbitzua gaian adituak diren emakumeek eskainiko dute. Hau da telefono zenbakia. Gorde eta eraso matxistaren bat ikusten edo jasaten baduzu, deitu: 688 772 772

Herritar askoren eta batez ere herriko ume askoren kezka da tiobiboen kokalekua aurten, arrain lonja berriak ez baitu uzten ohiko lekuan ipintzerik. Tiobibo gehienak portuan kokatuko dira, gaur egun autoak aparkatuta egoten diren moilan. Hala eta guztiz ere, bizpahiru (txikienei zuzenduta daudenak bereziki) Itsasaurreko autobus geralekuaren atzeko aldean egongo dira, aparkalekuan.

Omenduak. Jon Revuelta, Joseina Malvido eta Josu Lekunberri izango dira aurtengo Andra Mari jaietako omenduak. Hiru kirolariak atletak dira Club de Atletismo Adaptado -Ascensores Bertako- Javi Conde taldean eta urratsez-urrats emaitza bikainak lortzen ari dira. “Askotan eliteko kirolaren isla izaten dute ohiko komunikabideek baina omenaldi honekin gure herrian dauzkagun goi mailako hiru kirolari hauek zein beraien inguruak egiten duten lana azpimarratu nahi izan dugu. Balioan ipini behar da egiten dutena”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Beraiena izango da Leokadiren jaitsieran udaletxeko mastara ikurriñak igotzeko ohorea.

Ezkerretik eskumara: Josu Lekunberri, Joseina Malvido eta Jon Revuelta atletak. Argazkia: Iñaki Beitia/Ondarroako Kirolaren Leihoa.

[ANDRA MARI JAIETAKO EGITARAUA]

Andra Mari jaiei begira beste hainbat neurri berezi ere hartu ditu dagoeneko Ondarroako Udalak:

  • UDALTZAINGOA: abuztuaren 14tik 17ra bitartean Udaltzainek 24 orduko zerbitzua eskainiko dute. Telefonoa: 94 683 36 73.
  • APARKALEKUAK: Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen du udalak. Hala eta guztiz ere Andra Mari jaiek irauten duten bitartean saihesbidearen bi aldeetan, Zaldupeko frontoian eta inguruetan eta Ondarroako portuan aparkatzea ahalbidetuko da. Beste aparkaleku batzuk ahalbidetzeko lanetan ere ari da udala.
  • ERASO MATXISTEN KONTRAKO TELEFONOA: 688 772 772
  • HONDAKINAK BATZEKO GUNEEN ERREFORTZUA: hondakinak batzeko edukiontzien (beira eta plastikoa gehienbat) errefortzua egingo da jaiguneko lau puntutan: Itsasaurren, Alde Zaharrean, Kantoipen eta Musika Plazan. Nahiz eta puntu hauek indartu, udaletik dei egiten diegu herritarrei ahalik eta hondakin gutxien sortzera eta sortutakoa behar bezala birziklatzera.
  • KOMUNAK: ohi bezala, jaietan komunak ipiniko dira Musika Plazan, Itsasaurren eta Kantoipen.
  • ZAMALANAK: Karga eta deskargako guneak erabiltzeko ordua 12:00etan amaituko da.
  • IGOGAILUAK: Abuztuaren 13an, 14an eta 17an Kantoipe eta Iparragirreko igogailuak itxita egongo dira gauez; Kantoipekoa 16an ere itxi egingo da gauez.

[ANDRA MARI JAIETAKO EGITARAUA]

Ikusi hemen 2019ko jaietako zenbait ekintzetako argazkiak:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina