Letren eta hitzen lurralde bilakatuko da Ondarroa Literatur Amuak jaialdiarekin

0

Urriaren 27an hasi eta azaroaren 1era bitartean, letren eta hitzen lurraldea izango da Ondarroa beste urte batez, Literatur Amuak jaialdiarekin. Sormena, ikuskizuna eta jolasa izango dira berben bueltan aritzeko bideak.

Urtero modura, Nanoipuin lehiaketarekin eta Augustin Zubikarai nobela bekarekin hasiko da jaialdia. Euskal Herri luze zabaleko idazleentzat urteroko hitzordu garrantzitsuak izan ohi dira biak, eta horren erakusle da azken urteetako lanen maila. Iazko Augustin Zubikarai beka irabazi zuen Mikel Alvarez Sarriegi idazleak bere proiektutik sortutako Euskalia eleberria aurkeztuko du: nobela beltzaren eta umore tonuaren artean mugitzen zen proiektua aurkeztu zuen Alvarezek, eta hortik dator orain bere lana.

Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizunerako eta Kotondarrak txotxongilo emanaldirako sarrerak Beikozinin erosi behar dira, urriaren 21etik (barikua) aurrera.

Literatur Amuak jaialdiko ikuskizun jendetsuena Kantu bat gara emanaldia izango da, Beikozinan, Jon Maiaren eskutik. Ikuskizunerako sarrerak Beikozinan salduko dira, pertsonako lau gehienez, urriaren 21etik aurrera, 10 eurotan. Sarrerak erosi beharko dira Anita Maravillas konpainiaren Kotondarrak txotxongilo ikuskizunerako ere. Kasu horretan, sarrerek 2 euro balioko dituzte, eta horiek ere Beikozinako leihatilan eskuratu beharko dira, egun berdinetik aurrera.

Azken orduko aldaketa: Kotondarrak ikuskizuna 18:00etan hasiko da, eta ez 17:30ean, egitarauan agertzen den moduan.

Ondarrutarrak. Herriko sortzaileei tartea egingo zaie Literatur Amuak jaialdian. Urriaren 29an 18:00etan Leire Bilbao idazleak Etxeko urak errezitaldia eskainiko du Kofradia Zaharrean: “Horrek etxeko urak dauzka esaten da Ondarroan, etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela”. Hain zuzen ere, urak botaz hasten da Leire Bilbaoren poema bilduma berria, eta listua eta hizkuntza datoz gero, kolektibotasunaren marea, eta harraskako urak. “Amatasunari buruzko liburu bat bainoago, amatasunetik idatzitako liburu bat”.

Urriaren 30a, domeka, bertso saio feministarekin hasiko da. Arratsaldean, berriz, Josu Arrizabalaga ondarrutarrak lehengo andra eta gizonen pasarte xelebreak kontatuko ditu Kofradia Zaharrean, 18:00etan. Arrizabalagak herriko pasarteen bilduma bat osatu du, eta horiek elkarbanatuko ditu herritarrekin, gehienak arrantza mundukoak eta xelebreak.

Astelehena Arimen Gauarentzat izango da… Xanguli Manduli… Kaleko argiak itzaliko dira 19:00etatik 21:00etara, Alde Zaharretik kanposanturaino. Horra Literatur amuaken proposamena egun eta iluntze berezi horretarako. Urriaren 20tik azaroaren 10era, Liburuen arbola erakusketa ikusi ahalko da Kofradia Zaharrean; aurkezpena urriaren 20ko 19:00etan egingo da. Erakusketa horrek liburuaren garrantzia azpimarratzen du, eta euskal literatura eta ekoizpen editoriala herritarrengana hurbiltzen.

Sarrerarik behar ez den ekitaldietan, aforoa bete arte sartu ahalko dira ikusleak.

OHARRA

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina