‘Basques in Australia’ erakusketaren bisita gidatuak egingo ditu zapatuan Loren Arkotxak

0

Goizez zein arratsaldez izango dute nahi duten herritar guztiek Basques in Australia erakusketa gidatuta ikusteko aukera, Loren Arkotxaren bitartez. Zapatuan (otsailak 3) 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa, Udal Erakusketa Aretoan.

Bisita gidatuan parte hartzeko ez da izenik eman behar eta doakoa da. Aipatutako orduetan Euskal Australiar Alkarteko kidea den Loren Arkotxa ondarrutarra egongo da erakusketan, bertara doazenak gidatu eta lehen pertsonatik azalpenak ematen, bera ere Australian egondakoa baita gaztetan.

Arkotxa egiten ari den bisita gidatuek erantzun oso ona izan dute orain arte antolatu diren taldeetan, bai Zaldupe eskolako, institutuko eta Zubi Zahar herri ikastolako ikasleen artean eta baita Antiguako Ama elkarteko erabiltzaileen artean ere. “Erantzun ona ikusirik eta Lorenen prestutasuna ikusita, bisita gidatuak herritar guztiei zabaltzea erabaki dugu. Eta uste izan dugu horretarako egun aproposena zapatua dela, bai goizean eta baita arratsaldean ere”, esan du Nerea Lorenzo Gonzalez aniztasun zinegotziak.

Erakusketa, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Australiarren Alkartearekin batera antolatutakoa izan dena, otsailaren 4rarte (domeka) egongo da Ondarroan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina