Tabernen itxiera ordutegia zein egunetan luzatu ahal izango den zehaztu du udalak

0

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 18. artikuluak ahalmena ematen die udalei ikuskizunak eta bestelako ekitaldiak direla-eta establezimenduen ordutegiak luzatzeko, erregelamendu bidez aurreikusten diren kasu eta moduetan. Bestalde, abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 12. artikuluak ahalmena ematen die udal-agintariei, herriko jaiak, Aste Santua, Inauteriak, Gabonak eta bestelako ospakizunak direla-eta aurreikusitako ordutegia gehienez ere 2 orduz luzatzeko, udal-organoek ezarritakoaren arabera.

Guzti hau kontuan izanda, Ondarroako Udalak herriko tabernen ordutegia gehienez ere 15 egunetan eta egun horietako bakoitzean bi orduz gehienez luzatzeko aukera dauka. Luzapen hau taberna bakoitzak daukan lizentziak markatutako ordutegiaren gainekoa da.

Udalak herriko taberna guztiei banan-banan eta eskuz helarazi zien gutun bat 2023ko abenduan esanez beraiek zeukatela luzapenak zein egunetan egin proposatzeko aukera. Proposamen horiek urtarrileko lehen asterako helarazi behar ziren udaletxera, baina proposamen bakar bat ere jaso ez denez, udalak erabaki du zein egunetan luzatu ahalko duten tabernek euren itxiera ordutegia. 13 egun baliozkatu ditu udalak, esan bezala bakoitzaren lizentziaren arabera dagokion ordutegiaren gainean gehienez ere bi orduko luzapena egiteko:

  • OTSAILAK 10, zapatua: inauterietako zapatua.
  • MAIATZAK 18, zapatua: Antxoa Egune.
  • EKAINAK 29, zapatua: Zapato Azule.
  • ABUZTUAK 10, zapatua: Andra Mari jaien aurreko zapatua.
  • ABUZTUAK 13, martitzena: Gazte Egune.
  • ABUZTUAK 14, eguaztena: Andra Mari bezpera/Amnistia Egune.
  • ABUZTUAK 15, eguena: Andra Mari Egune.
  • ABUZTUAK 16, barikua: Kuadrila Egune.
  • ABUZTUAK 17, zapatua: Arrantzale Egune.
  • ABENDUAK 21, zapatua: Gabonen aurreko zapatua.
  • ABENDUAK 24, martitzena: Gabon gaua
  • ABENDUAK 28, zapatua: Gabonetako zapatua.
  • ABENDUAK 31, martitzena: Gabon Zaharra.

Erabaki honen berri Ertzaintzari ere eman zaio, beraien eskumena baita ostalaritzaren gaueko ordutegiak kontrolatzea, guztion artean bizilagunen atsedena errespetatzeko. “Orain arte, urtea aurrera joan ahala erabaki da zein egunetan egin luzapen horiek, eta uste dugu garbiagoa eta justuagoa dela guztiontzat hasieratik definituta egotea”, esan dute udal ordezkariek.

Hemendik aurrera ere egutegi hau urte hasieratik zehazten jarraitzeko apustuaren alde egiten jarraituko du udalak, “denok jakin dezagun hasieratik zein ordutegi luzapen dagoen baimenduta, horrela, bizilagunen atsedena ere errespetatzeko”, azpimarratu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina