Bizkaibus zerbitzua hobetzeko Alamedako Pentsionisten mozioa onartu du Ondarroako Udalak aho batez

0

Ondarroako Udalak aho batez (EH Bildu eta EAJ/PNVren aldeko bozkekin) onartu zuen martxoko plenoan (martxoaren 20an, eguaztena) Alamedako Pentsionistek ekarri zuten mozioa. Pentsionistek, udaletxean 3.141 sinadura aurkeztu zituzten mozioa babestuz. Eskaera garbia egin zuten: Ondarroa eta Bilbo batzen dituen Bizkaibusak zuzeneko bidaia gehiago izatea, Galdakao-Usansolo ospitalera sartuta.

Bai EH Bilduk eta bai EAJ/PNVk garraio zuzena areagotzeko garrantzia azpimarratu zuten eta nahi hau lortzeko bidean lagun izateko konpromisoa hartu zuten, eskualdeak daukan garraio publiko sare gabezia kontuan hartuz. Alkateak esan zuen garrantzitsua zela sinadura hauen babesa, Bizkaiko Foru Aldundiari esateko nahi hau ez dela bakarrik udal taldeena, herritarren gehiengoarena ere bai. Alkortak gaineratu zuen datorren astean eskualdeko alkateen foroko ordezkaritza bat Bizkaiko Foru Aldundiko garraioak, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko saileko foru diputatua den Sonia Perez Ezquerrarekin batuko dela, eta gai hau ere bertan aurkeztuko dela.

Alamedako pentsionistek eskerrak eman zizkieten bi udal taldeei erakutsitako konpromisoarengatik.

Hau da Alamedako pentsionistek 3.141 sinadurarekin batera Ondarroako Udalean aurkeztu zuten mozioa:

Ondarroako Alamedako Pentsionistak duela ia sei urtetik astelehenero-astelehenero Alamedan elkartzen garen herritarrak gara, gure pentsioengatik eta etorkizunekoengatik borrokan. Baina pentsio duin bat izatearena ez da gure borroka bakarra, pentsioniston egoera eta ditugun baliabideak geroz eta txarragoak baitira egunerokotasunean.

Garraioa, banketxeekin harremanak, arrakala digitala… pentsioniston eguneroko arazoa dira. Esan bezala, arazo bat, eta handia, garraioarekin daukagu herrian, eta horrek zuzenean eragiten dio pentsionisten mugikortasunari. Eta ez bakarrik pentsionistoi, baita Ondarroatik Bilbora edo goazen herritar guztiei: lanera, medikuarengana, aisialdiko zereginetara…

Ondarroa eta Bilbo batzen dituen Bizkaibus zerbitzuak ia bi orduko bidea egin behar du 63 kilometro egiteko. Kontuan hartu behar da, erabiltzaile asko adinekoak direla, eta gehienak Galdakao-Usansoloko ospitalera joaten direla, horrek dauzkan zailtasun guztiekin.

Arazo honen larritasuna ikusita, Alamedako pentsionistak firma bilketa bat egin dugu herrian, eta orain, Ondarroako Udalaren osoko bilkura honetara gatoz bi udal taldeen eskutik gure eskariarekin bat egin eta zerbitzuaren ardura daukan Bizkaiko Foru Aldundiari honako eskaera hauek egiteko:

  • Bizkaibusek, Ondarroa eta Bilbo lotzeko ematen duen zerbitzuan zuzeneko autobus gehiago jartzea, Galdakao-Usansoloko ospitalera sartuta. Izan ere, gaur egun goizean goiz dauden bi autobusak ez dira nahikoa gure ustez. Une honetan, Bilbora joan etorria egin behar duen pertsona batentzat bidaia oso luzea egiten da, denbora asko ematen baita.
  • Gure ustez, goizean zehar eta eguerdi aldera Ondarroatik Bilbora joateko eta Bilbotik itzultzeko beste bi zuzenekoak ezinbestekoak dira, beti ere Galdakao-Usansoloko ospitalera sartuta.

Guzti hau kontuan hartuta, Alamedako pentsionistok, gure sinadura bilketa babestu eta herritarron kezka eta eskari hauek Bizkaiko Foru Aldundiari helaraztea eskatzen diegu Ondarroako Udalari eta bi udal taldeei.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina