Zapato Azulerako plana aurkeztu du Ondarroako Udalak

0

Zapato Azulak hartu duen dimentsioa ikusirik eta herrira erakartzen duen jendetza kontuan hartuz, Ondarroako Udalak adar desberdinak kontuan hartzen dituen plan berezi bat diseinatu du zapatu honetarako. Besteak beste, garbitasuna eta hondakinen kudeaketa, segurtasuna, eraso matxisten kontrako protokoloa, komunak, aparkalekuak, garraioa eta azpiegiturei dagozkien gorabeherak zehaztu dira. “Plan bat ipini dugu martxan herria ahal bezain arinen lehengoratzeko, jakinda jendetza egongo dela zapatuan Ondarroan eta ez dela erraza izango. Amaitutakoan, balorazio bat egingo dugu zein puntutan hobetu dezakegun ikusteko”, esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.

Udalak, urteetako esperientziatik ikasita eta herrian sortzen diren beharrizanak ikusita, egun horretara bideratutako inbertsioa eta denbora handitu eta baliabide gehiago ipiniko ditu erabilgarri, helburu zehatzak betetze aldera. Helburu horiek, hondakin gutxiago sortzea eta birziklapen tasa handitzea, kaleak garbiago egotea, eraso matxistarik ez gertatzea eta gertatzekotan protokoloa prest izatea eta garraio publikoa sustatzea dira, esaterako.

Etengabeko arreta zerbitzua eskainiko du Ondarroako Udalak Zapato Azulean, 18:00etatik biharamuneko 08:00etara. Arreta zerbitzu hau eraso matxistak jasan dituztenak artatzeko izango da, eta aurrez-aurreko zerbitzua eskainiko du Etxelilan edo telefono bidezkoa: 688 772 772.

Eraso matxisten kontrako arreta zerbitzua.

Kaleko garbitasuna izan ohi da herritarren kezka handiena jai hau igarotzen denean. Udal brigadak errefortzuekin lan egingo du domekan eta dituen baliabide guztiak erabiliko ditu kaleak ahalik eta arinen garbi uzteko, jakinda, ezinezkoa dela lehen egunean dena lehengoratzea. Horrez gain, astelehenean, portuko hidrogarbigailua ere pasako da kale desberdinetatik geratu daitezkeen azken orbanak kentzen laguntzeko. Udal brigada gunez-gune joango da herria garbitzen, jakinda jaiak espazio asko hartzen dituela eta zaila dela denetara lehen egunean iristea. Horretarako ekortzeko makina bi, mangerak eta kamioiak erabiliko dituzte. Baina udal bigada lanean hasi baino lehen, herritarrei dagokie hondakinak behar modura kudeatzea: “edukiontzi gehiago ipiniko ditugu Lea-Artibai Mankomunitatearekin batera; dauden puntuak indartuko dira eta gehiago ipini ere bai. Helburua da bai herritarrek eta bai taberna eta txosnek edukiontziak gertu izatea eta kaleetan ahalik eta hondakin gutxien agertzea”. Astillerun, Nasa kalean Kafeko Atzen, Musika Plazan, Itsasaurren, Arrigorri plazan eta Alde Zaharrean. Arlo honetan, lanketa ere egin dute txosnekin, batez ere ahalik eta hondakin kopuru txikiena sortzeko eta sortutakoa behar modura birziklatzeko. Dei berezia egin zaie batez ere txosnei ahalik eta lata kopuru txikiena erabiltzeko. Urtero modura, Radixu irratiak edalontzi berrerabilgarriak banatuko ditu.

Beste puntu garrantzitsu bat kaleko komun publikoena da. Beti egon izan ohi diren lekuak indartzeaz gain, Kantoipe errebueltan kabinak ipiniko dira, hiriburuetako jaietan egoten diren antzekoak. “Hirukoiztu egin dugu aurten Zapato Azulerako udalak alokatzen dituen komunen aurrekontua, komun gehiago, gertuago eta eskura edukitzeko. Komun hauek mugikortasun murriztua dutenentzako prestatuta egongo dira, beraz, errespetuz jokatzea eskatzen dugu, denok komunak erabiltzeko aukera izan dezagun”. 4.312 euro inbertitu ditu udalak beraz Zapato Azuleko komunetan. Komunak, Musika Plazan, Itsasaurren, Berdura Plaza inguruan, Kafeatzen eta Kantoipe errebueltan kokatuko dira.

Eraso matxisten kontrako protokoloaren baitan etengabeko arreta zerbitzua eskainiko du Ondarroako Udalak Zapato Azulean, 18:00etatik biharamuneko 08:00etara. Arreta zerbitzu hau eraso matxistak jasan dituztenak artatzeko izango da, eta aurrez-aurreko zerbitzua eskainiko du Etxelilan edo telefono bidezkoa: 688 772 772. Eraso matxistaren bat jasan edo ikusten baduzu, deitu! Protokoloaren lanketan eta prebentzioan sakontzeko batzarrak ere egin ditu udal berdintasun sailak, eta honako eragile eta taberna hauek parte hartu dute: Radixu irratia, Alai, Sirimiri, Sutargi, Sokoa, Txanpa, Arrantzale, Anaitasuna, Apallu, Kabia, Idoia, Ernai, Danak Etxea, Zubi Zahar herri ikastola eta Mugimendu Sozialista. Honez gain, Udaltzaingoak ere egun osoko zerbitzua eskainiko du Zapato Azulean, eta gauez ere lanean egongo dira. Udaltzaingoa: 94 683 36 73.

Ondarroara datozen bisitariei garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete udalak eta Radixuk. Jende asko etortzen da eta garrantzitsua da garraio publikoaren erabilera. Azken urteetan, batez ere jaia amaitu ostean gertatu diren gorabeherak saihesteko, autobus pribatuak Zaldupera bideratuko dira: “Zaldupeko udal futbol zelaiaren parera bideratuko ditugu autobus pribatuak, bai jendea uzteko eta bai jasotzeko ere. Ez dugu nahi berriro ere jende pilaketarik gertatzea Itsasaurreko geralekuan, arriskuak ekidin behar ditugu, eta une kritikoa izan ohi da itzulerakoa: jende asko, autobusera igotzeko nahia…” azpimarratu du Aitzol Osa udaltzainburuak. Aparkaleku gisa erabili ahal izango dira Zaldupe eskolako jolastokia, Ondarroa BHI institutuko jolastokia eta Zubi Zahar herri ikastolako jolastokia. Horrez gain, segurtasunari dagokionez, beste puntu batzuk ere azpimarratu ditu, hirigintza sailarekin koordinatu direnak: Berdura Plazako atzealdera dagoen igarobidea itxi egingo da. Txixatokia izan ohi da, baina errekara dagoen gertutasuna ikusirik oso puntu arriskutsua da. Bestalde, Iparkaleko eta Pixapeko igogailuak 20:30ean itxiko dituzte udaltzainek, eta Kantoipekoa eta korreta, 17:00etan: “badakigu bizilagun askorentzat ezinbestekoa dela igogailuak martxan egotea, baina ez baditugu garaiz ixten, gero matxurak gertatu eta epe luzeagoz itxita egoteko arriskua daukagu, iaz Kantoipeko igogailuaren matxurarekin gertatu zen bezala”. Korreta ere itxi egingo da arratsaldean, frontoiko harmailetatik Musika Plazara dagoen petrila ere hesitu egingo da, botilarik ez erortzeko goitik behera eta Kantoipeko igogailuaren ondoan dagoen aterpeko bizikletak hortik kentzea ere komeni da, itxi egingo baita, segurtasunarengatik.

Alkateak eskerrak eman dizkie udaleko sail desberdinei euren inplikazioarengatik eta Radixu irratiarekin izandako elkarlana ere azpimarratu nahi izan du: “urteetan hasiz doan jaia da Zapato Azule, eta ezinbestekoa da gu ere, gure baliabideek ahalbidetzen duten heinean behintzat, gaurkotzen joatea, jakinda oso zaila dela jai osoaren kudeaketa guztia egitea”. “Jai honetan herritar asko eta eragile asko inplikatzen dira, eta guztien lana eta konpromisoa azpimarratu nahiko nituzke”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina