Iaz baino jende gutxiago ibili den arren, seguruenik euriaren eraginez, udalak bere esku dituen baliabideak gainditzen dituen jaia da Zapato Azule eta egoera hori bere testuinguruan kokatu nahi izan du Ondarroako Udalak balorazio honen bitartez. Aurten, plan berezi bat egin du udalak Zapato Azuleko gorabeherei aurre egiteko, eta besteak beste eraso matxisten kontrako protokoloan, hondakinen kudeaketan eta kaleko garbitasunean ipini zen azpimarra.
Eraso matxisten kontrako arreta zerbitzuan ez da jaso intentsitate handiko erasoei buruzko deirik jaso, “baina horrek ez du esan nahi erasorik egon ez denik, erregistratu ez arren beti gertatzen direlako erasoak, nahiz eta intentsitate handikoak ez izan”, azpimarratu du Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziak. “Udaletik, oinarrizkotzat jotzen dugu arreta zerbitzu hau eta Andra Mari jaietan ere jarraipena izango du, aurreko urteetan modura. Bestalde, udalaren berdintasun sailetik eskerrak eman nahi dizkiegu lanketa honetan parte hartu duten taberna eta eragile guztiei”.
Hondakinen kudeaketari eta garbitasunari dagokionez, aurten iaz baino hondakin gutxiago batu da kalean. Horrek, bi arrazoi ditu batez ere: alde batetik jende gutxiago etorri izana, eta bestetik edukiontzi gehiago eta leku estrategikoagoetan kokatu izana. Beste urte batzuetako argazkirik ikusi ez den arren zenbait lekutan, oraindik ere hondakin asko sortu eta botatzen da lurrera, eta horietako askok zoritxarrez uretan amaitu dute. Hondakinen kudeaketari dagokionean ezinbestekoa da Udalaren eta Lea-Artibai Mankomunitatearen arteko elkarlana. Zapato Azuleko beste kezka nagusietako bat kaleko zikinkeria izaten da. Aurten, jaiguneko puntu desberdinetan kartelak ipini dira kontzientziazioa lortzeko. Eta gutxiago izan den arren, aurten ere kale asko zikinak agertu dira, jendearen edanleku eta pixatoki bihurtu direlako. Bisitari askok herriko kale eta zirrikitu desberdinak baliatzen dituzte alkoholaren kontsumorako jaigunetik kanpo, eta horrek zamarrak eta txizak ere leku desberdinetara zabaltzea eragiten du. Arlo honetan ere udalak esfortzu handia egin du aurten eta komun gehiago eta mota guztietakoak ipini ditu jaiguneko hainbat puntutan, aurreko urteekin alderatuz honetara bideratutako inbertsio hirukoiztuz. Udal brigada domeka goizeko lehen orduan hasi zen herriko kaleak garbitzen, batez ere jaigunearen ingurukoak. Ez da lan erraza izaten eta han hemenka ere joaten dira apurka-apurka hondakinak agertzen. Udal brigadak egindako esfortzuari, langile kopuruari eta izandako baliabideei esker ere arinago lehengoratu izan dira herriko kaleak aurten.
Azpiegiturei dagokienez, igogailuak goizago ixteko erabakia hartu zen, matxurak saihesteko asmoarekin. Herritar batzuk kexu agertu dira igogailuak ixteko erabakiarekin, baina udalak argi zeukan hobe zela egun batean goizago ixtea eta ez gero matxura larriak izatea, beste herritar askok Zapato Azularen aurreko asteetan eskatu modura. Kantoipeko igogailua matxuratuta dago, baina ez du loturarik jaiarekin. Korreta eta frontoiko petrila ixteak ere hainbat arrisku saihestu ditu aurten, batez ere goitik behera jendea dagoen tokira edalontziak edo botilak erortzea saihestu delako. Udaltzaingoak esan du ez zela jazo ez-ohiko gertaerarik: “jaiaren handitasuna ikusita, eta artapen batzuk egin arren, ez da ez-ohiko gauzarik edo gertaera larririk egon”. Autobus pribatuen kudeaketan ere azpimarra egin dute: “orain arte inzidentzia asko egoten ziren goizaldean: jende asko autobusera sartu nahian, bultzakadak… oraingoan ez da horrelakorik gertatu, lineakoak portuan zeudelako eta pribatuak Zaldupen”.
Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak udaleko sail desberdinek Zapato Azularen bueltan egindako lana azpimarratu nahi izan du: “asteak eramaten dituen lanketa da, udaleko sail eta langile asko ukitzen dituena eta denen ekarpena da garrantzitsua. Mila esker!”.