Frankismoan Ondarroara etorritako etorkinei buruzko dokumentala prestatzen ari da udala, Jon Maiaren gidaritzapean

0

Euskal Herria beti izan da harrera herria. Eta euskaldunok herri etorkina izan garen moduan, gurean ere beti hartu izan ditugu beste herri batzuetatik etorritakoak. Jatorriz anitza da Ondarroa, eta duela urte askotatik gainera. Gaur egun herrian dauden etorkin gehienak afrikarrak edo hegoamerikarrak dira, baina duela ez urte asko, gertuagoko etorkinak ere hartu genituen herrian.

36ko gerra amaitu berritan eta Francok botere guztia bereganatuta, krisia eta miseria ziren nagusi Espainiako etxe askotan. Elikagai falta, gosea, lanerako aukerarik ez… euren etxea uztera behartuta ikusi ziren asko eta asko.

Orduan, bizimodua aurrera atzeratzeko, emigratu egin behar izan zuten, eta aukera lez, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Helburuko herrietako bat izan zen Ondarroa, batez ere arrantza portu garrantzitsua izateak eta horren inguruko jarduera ekonomiko guztiek (portuko lanak, tailerrak, kontserberak, garraioa…) bultzatuta, bizitza duin bat izateko aukera baten bila.

“Jon Maiari eskatu genion memoria historikoaren lan hau egitea. Alde batetik, gaia barne-barnetik, etxetik ezagutzen duelako eta esperientzia badaukalako halako proiektuetan, Azpeitiako Kastellanuek dokumentalarekin esaterako, eta bestalde, uste genuelako Jon Maiak profil oso egokia daukala herritik kanpo jaio ziren ondarrutar guzti horiei behar moduko aitortza eta omenaldia egiteko”, esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.

Jon Maiaren esanetan “herriko errelatoan etorkin hauen errelatoa txertatzeko garaia heldu da”.

Inork ez du bere herria nahita uzten, beti dago arrazoi handiren bat: politikoa, ekonomikoa, soziala, laborala… Baina arrazoiak arrazoi, etorkinek Ondarroako herriari egindako ekarpena beti izan da handia. Gaur egun ongi etorri saioak eta antzekoak egiten dira, etorkinei gure herria erakutsi, baliabideak azaldu eta testuingurua hobeto ezagutu dezaten. Baina frankismo garaian gurera etorritako etorkinek, adibidez, ez dute inoiz aitortzarik izan, edo beste era batera esanda, belaunaldi berriek ez dute beraien berririk izan.

Maia, dokumentala prestatzeko elkarrizketak egiten.

“Zor bat geneukala uste genuen, aitortza bat egin beharra eta eskerrak eman beharra”, horixe da proiektu honen abiapuntuan egon diren aniztasun zinegotzi ohi bien irakurketa, Nerea Lorenzo Gonzalez eta Pedro Lasarte Iparragirrerena hain zuzen. Etorkin hauetako gehientsuenak Galiziatik etorri ziren, baina espainiar estatuko lurraldeetatik etorritakoak ere egon ziren, Asturias, Extremadura, Andaluzia edo Gaztela-Leongoak, adibidez. Dokumental honetan herri guzti hauetako etorkinei ahotsa eman eta Ondarroara nola etorri ziren, herrian zelan hartu genituen eta gaur eguneraino bizitza Ondarroan zelan egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda.

Jon Maia hasita dago herritarren testigantzak batzen eta hari horiei tiraka osatuko du ikusentzunezko lana. Dokumentala datorren urtean estreinatzea da udalaren nahia.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina