‘Kalian gora, maria behera’, ibilbide literarioen bitartez herria ezagutzeko proiektu berria

0

Ondarroako Udalaren euskara sailak Kalian gora, maria behera proiektua abiarazi du, ibilbide literarioen bitartez herria ezagutzeko proiektu berria. Ibilbide literario hauek herriko idazleen lanetatik abiatuta bai herritarrei eta bai bisitariei Ondarroako txoko desberdinak ezagutzeko aukera emango diete.

Proiektu bakarrean hainbat helburu barnebiltzen dituen ekimena da hau: herriko idazleak ezagutzea, euskal literatura sustatzea, herria ezagutzea… euskara, sormena eta turismo jasangarria eskutik doaz ekimen honetan. «Ondarroako kokapen literarioak bisitatzeko ibilbideak diseinatzen ari gara herriko idazleak hobeto ezagutzeko, eta horrekin batera, kanpotik hartzen ditugun bisitariei kultur esperientzia berriak eskaintzeko.

Ana Urkiza, grabaketa saioan, Plazagainean.

Gure ondare kultural hori eskaini eta zabaldu nahi dugu, bai herritarrei bai kanpotik datozen bisitariei begira ere, bisitari posibleen interesa piztuz euskaratik eta euskal kulturatik. Publiko heldua nahiz familiarra, ibilbideak bakarka egin nahi duenarentzat edo taldean egitea nahiago dutenentzat, baina denek izango dute euskara ardatz». Abiapuntu bakar batetik, herriko hainbat kale eta txoko zeharkatuko dituzten ibilbideak izango dira, idazleek beraiek aukeratutako hainbat puntu garrantzitsurekin. Puntu horietan plakak ipiniko dira, idazleak kontatzeko daukanarekin eta QR bidez ikusi hal izango den multimedia edukiekin.

Fase desberdinetan joango da osatzen Kalian gora, maria behera proiektua: lehendabizikoa 2024ko udazkenean egongo da prest: Ana Urkiza eta Kirmen Uribe herriko idazleen ibilbideak. Ana Urkizak poesia, narratiba, haur eta gazte literatura landu ditu, eta, batez ere, azken horrengatik duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Ondarroan kokatu zuelako Ondarruko piratak (Ibaizabal, 2003) kontakizuna eta haur eta gazteengana heltzeko abilezia duelako. Kirmen Uribe idazleak nazioartera hedatu du bere jarduna. Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) euskal literaturaren historian libururik saritu eta
itzulienetakoa da. XXI. Mende hasierako euskal literaturan mugarria, Espainiako Narratiba Saria eta Kritika Saria jaso zituen eta harrezkero hainbeste hizkuntzara itzuli da.

Kirmen Uribe, Zubi Zaharrean.

Bigarren fasean, Leire Bilbao eta Mikel Etxaburu idazleenak eskainiko dira, hauek ere baieztatu baitute euren partehartzea. Ibilbideak egin ahala, literatura eta paisaiak elkar lotuz, geldialdi bakoitzean aukera izango dugu idazleak inguru naturalean bertan ezagutzeko, haiek grabatutako kontakizunak eta euren liburuetatik hartutako pasarteak ikusi eta entzungo
ditugu, QR bidez.

2024ko azken hilabeteetan hasteko aurreikuspena dago. Hala ere, proiektu irekia da eta badu pausuz pausu handitzen eta egokitzen joateko aukera ondorengo urteetan ere.

Jakina da, XIX. mendean idazle handiak izan dituela Ondarroak; hala nola: Txomin Agirre, Augustin Zubikarai eta Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi’ esate baterako, eta udalaren asmoa da denak ezagutzera ematea.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina