Errebala Txikiñe Gaztelekua itxi egingo da bi asteburutan, jarrera desegokiengatik

0

Errebala Txikiñe Gaztelekua duela hilabete eta erdi inguru zabaldu zen, ikasturte berriarekin batera, eta orduz geroztik jarrera desegokiak gailendu dira zapatu eta domeketan. Erabiltzaile batzuk eta erabiltzaileak izan gabe ere bertara gerturatzen direnak dira jarrera desegoki horien erantzuleak eta udaletik behartuta ikusi gara erabakiak hartzera. Udaltzainak ere bertaratu behar izan ziren iragan asteburuan.

Errebala Txikiñe Gaztelekua herriko gazteen aisialdirako espazio bat da, non guztiak eroso eta seguru sentitu behar diren. Azkenaldian, jarrera desegoki horiek direla eta ez da hori betetzen ari, eta bi asteburuz Gaztelekua ixtea erabaki du udalak: “ahalegindu gara jarrera desegokiak dituztenekin horiek konpontzen, bai Gaztelekuko hozeitzaileen bidez eta baita udaletik ere, baina ez dugu lortu. Egoera jasangaitza da Gaztelekuan, eta horregatik hartu dugu erabakia. Azaroaren 9an eta 10ean eta 16an eta 17an itxita egongo da. Erabaki gaitza da, baina hartu ezean arazoa handitzen joateko arriskua ikusi dugu”, azpimarratu du Irina Alkorta Bedialauneta hezkuntza batzordeburuak. Lehenago ere gertatu izan da horrelakorik bete urteren baten, eta zoritxarrez berriro ere errepikatu da aurten.

Gaztelekua ez da jarrera txarrak ikusi ahal izan diren udal azpiegitura bakarra. Txomin Agirre udal liburutegian ere zenbait gorabehera gertatu dira azkenaldian eta udalak esku hartu behar izan du.

Gaiari irtenbidea emateko ahaleginean, herriko ikastetxeekin, guraso elkarteekin, gazte taldeekin eta kirol eta kultur taldeekin lanketa egingo du udalak, gazteak dabiltzan eremuak direla ikusirik, jarrera txar hauek errepikatu ez daitezen.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina