Jaietako egitaraua aurkeztu du Ondarroako Udalak
Andra Mari jaietako egitaraua aurkeztu du Ondarroako Udalak. Adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte Udalak eta herriko eragileek elkarlanean, guztira, 80 ekimenetik gora. Ion Iñaki Artetxe Egaña kultura zinegotzia oso eskertuta agertu da herriko talde eta eragileek jaien egtaraua osatzeko egindako ekarpenekin. Funtsezkoa dela esan du euren lana, eta gakoa dela ekarpen hori jaiak herritik eta herriarentzat egiteko. Aurten ere, betiko ekimenak zein berritzaileak daude egitarauan, herriko artisten parte hartze handiarekin.
Aurten, espazioen berrantolaketa egin da, Musika Plazako zoruaren arazoa dela eta, txosnak Kafeko Atzean kokatuko direlako. Horretaz gain, Kafeko atzeko elkartasun gunea ere ez da egongo aurten, beraz, Musika Plazako txosnak espazio horretan kokatuko dira, aurten behintzat.
Tiobiboak bai egongo dira aurten, arrazoi hauek tarteko. Lehenengo, portuan espazio gehiago lortu delako, eta horri esker, segurtasun distantzia guztiak betez kokatu ahal izango direlako barraka guztiak. Bestalde, portuko lonja berriko gaineko plazan aurten gaztelu puzgarriak ipintzea baimendu denez, Itsasaurreko aparkalekua hutsik egongo da, eta horregatik, portuan sartzen ez diren barrakak bertan ipini ahal izango dira. “Udaletik oso eskertuta gaude Portu Zuzendaritzak emandako laguntzarengatik. Lesteko moilan eta plaza berrian jaietarako espazio gehiago lagatzeak arnasa ematen dio jaiguneari, eta horregatik tiobiboak egon ahalko dira aurten”, adierazi dute udal gobernuko ordezkariek.
Musika Plazako zati handiena itxita egongo denez (Zapato Azulean modura), Leokadiren jaitsiera eta igoera ohiko lekua baino metro batzuk ezkerrerago egingo dira, aldaparuntz; horrela, jende gehiagok ikustea lortuko da.
Jaietako programan agertzen den idatzian eman dituzte azalpen guztiak kultur arloko arduradunek:

Eraso matxisten kontrako arreta zerbitzua egongo da, urtero modura, Andra Mari jaietan. Egunero egongo da martxan, 20:00etatik 08:00etara, telefono bidez (688 772 772) edo aurrez-aurre, Etxelilan. Eraso bat jasan edo ikusten baduzu, deitu. Txosna eta taberna hauek ere eraso matxistarik gabeko jaien aldeko konpromiso aktiboa hartu dute: Alai, Anaitasuna, Apallu, Gau Argi, Kabia, Plazagañi eta Txosna Batzordea.
Udaltzaingoak 24 orduko zerbitzu etengabea eskainiko du abuztuaren 13tik (Gazte Egune, eguaztena) 17ra (Arrantzale Egune, domeka).

Nahia Elesgarai Oliveirak irabazi du 2025eko Andra Mari jaiak iragartzeko kartel lehiaketa
Nahia Elesgarai Oliveirak irabazi du 2025eko Andra Mari jaiak iragartzeko kartel lehiaketa, Gure bihotzeko Ondarru! lanarekin. Aurten, lehen aldiz, herritarrek aukeratu dute kartel irabazlea. 17 lan aurkeztu dira eta 500 bozka baino gehiago jaso dira, hortaz, 500 herritar baino gehiagok parte hartu dute. Eskerrik asko!

Fantasia da aurtengo Kuadrila Eguneko gaia
Zer ginateke gu ametsik gabe? Imaginatutako gauzarik gabe? Fantasiarik gabe?
Aurtengo Kuadrila Eguneko mozorroa aukeratzeko gaia horixe da: fantasia. Irudimena eta sormena oinarri hartuta, askotan, buruak irudi, ideia edo egoera irrealak sortzeko duen gaitasunari esaten zaio fantasia. Eta horixe da guk nahi duguna: buruek aske amets egitea, pentsatzea, imaginazioz betetzea eta kuadrillek herria fantasiaz betetzea.
Gai hau behin baino sarriagotan agertu da bai aurreko urteetan egin diren galdeketetan eta baita aurtengoan ere. Gai honek, gainera, zehatzagoak ziren beste batzuk ere barnebiltzen ditu eta uste dugu badaudela ideiak gai honi loturik mozorroak prestatzeko, errazagoak zein zailagoak, denetarik.
Ideia batzuk nahi? Magoak, mitologia, pertsonaia fantastikoak, dragoiak, adabakarra, iratxoak, ipotxak, galtzagorriak, lamiak, zentauroa… hemen pelikula batzuk ere, inspirazioa bilatzeko: Eraztunen Erregea, Errementari, Harry Potter, Disney etxeko hainbat…
Egin amets, fantaseatu, mozorrotu eta bete fantasiaz herriko kaleak!




