Gaur (azaroak 27) egin da udalaren osoko bilkura Kofradia Zaharrean eta 2026 urterako Ondarroako Udalaren aurrekontua onartu da. EH Bilduk alde bozkatu du, eta EAJ/PNVk, aurka. 13.574.397,07 euroko aurrekontua izango da datorren urtekoa. Anexuko aparkalekuko obra egitea izango da inbertsio nagusia; horretarako Telesforo Urrestiren akzioen salmentatik eratorritako 1.200.000 euro erabiliko dira. EAJ/PNVko bozeramaile Aitor Basterretxeak esan du ez dutela astirik izan aurrekontua aztertzeko eta horregatik bozkatu dutela aurka. Horrez gain, 2025ean 2024ko aurrekontua luzatuta izateak aukera gehiago ematen zituela esan du urte guztian lanketa handiagoa egiteko, batez ere inbertsioen atalean. Abenduko plenoan edo urtarrilekoan onartzea ere posible zela esan du. Alkateak erantzun dio erronka bat zela urteetan egon den egoerari buelta ematea – aurrekontuak urtarrilaren 1erako erabilgarri izatea -, eta horregatik eman dela egoera hau. Ondo hartu du EAJ/PNVk esandakoa eta aitortu du aukera hau baliatu behar zela dena garbitu eta berriro hasteko, eta datorren urterako plangintza kronologiko adostu bat egitea ondo ikusi du: “elkarrekin batu eta denborak adostu ditzakegu”. Urte asko dira urtarrilaren 1erako aurrekonturik izan ez duguna eta hori zen, gure ustez, garrantzitsuena, likidazioko diruak eta Telesfororen diruak ere aurrekontura ekartzeko eta herriak dituen beharrizanei urte hasieratik erantzun ahal izateko. Aurrekontuak zenbat eta beranduago onartu, orduan eta zailagoa da gero asmoak exekutatzea”.”Langileen zeregina ere azpimarratu nahi dut, beraien ekarpenek eta sartutako orduek askotarako eman dutelako, egoerari buelta emateko.
2024 eta 2025 urteetakoa baino ia milioi eta erdi handiagoa izango da datorren urteko aurrekontua. Hori, batez ere, Udalkutxa funtsetik ohikoa baino diru gehiago jasotzeagatik izango da. Hala eta guzti ere, Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak azpimarratu du Udalak beregain hartu behar izaten dituen eta izatez bere eskumenekoak ez diren oinarrizko zerbitzuak ordaintzeko haina ez duela ematen igoera horrek: “hezkidetza egitasmoa, gazteentzako psikologia zerbitzua, mugikortasuna, sexu aholkularitza bulegoa, emakumeentzako aholkularitza juridikoa… zerbitzu horiek oinarrizkoak dira ondarrutarrentzat, eta berez, ez dagokio Udalari horiek ematea”.
Urtza Alkorta, alkatea: “Aurrekontu anbiziosoak dira, herritarren beharrizanetara egokituak. Ongizatea, aparkalekuak, mugikortasuna, azpiegiturak… herritarren kezkak jaso, beharrizanak zein diren ikusi eta lehentasunak argi dauzkagu. Proiektuetan ere inbertituko dugu, datozen urteetan azpiegitura berriak exekutatu ahal izateko”.

Anexuko aparkalekua, funtsezkoa. Herrian dagoen aparkaleku gabezia ikusirik garrantzitsua da kanpoaldeko aparkalekuak egokitzea. Bi urteren ostean, baimen guztiak lortu ditu Udalak anexuan aparkaleku egoki bat egiteko. Baimen horiek lortu ahal izateko, ezinbestekoa izan da Zaldu erreka bistaratzeko proiektua aurkeztea eta onarpena jasotzea; lan guzti horiek eginda daudenez, 2026an lanak lizitaziora aterako dira eta anexuan 250 bat ibilgailurentzako aparkalekua egingo da. Udalak, Telesforo Urrestiren akzioetatik jasotako diru kopuru osotik 1,2 milioi euro erabiliko ditu proiektu horretarako: “hasieratik esan genuen diru hori inbertsio estrategikoak eta herriaren etorkizunerako oinarrizkoak zirenak egiteko baliatuko genuela, eta hau da horietako lehena”.
2026ko aurrekontuak, esan modura, etorkizuneko Ondarroaren oinarriak jartzeko anbizioa dauka. Horregatik, aurrekontuetan sartu dira Zeledonio Arriola eraikinaren proiektua idaztea (170.000€), Berdura Plazako proiektua egitea (Udalak jasotako dirulaguntza bat baliatuz, 22.180€) eta frontoi estalia Zaldupe udal kiroldegiko kantxan integratzeko proiektuaren idazketa, 100.000 eurotan. Horiez gain, auditorioan egin beharreko proiektua zelakoa izan daitekeen erakutsiko duen aurreproiektua ere kontratatuko da, 20.000 eurotan. “Beti mahai gainean egon izan diren gaiak dira, eta bada garaia horiei kolpe egiteko”, esan dute. “Bihar edo etzi azpiegitura berriak izateko, beharrezkoa da proiektuak egitea. Eta lehenengo urrats hori emango dugu hainbat esparrutan. Behin horiek izanda, dirulaguntzak ere lor daitezke. Prozesu luzeak dira, baina azpiegitura berri guztiak hasi behar dira proiektuak idaztetik”, azpimarratu du Irina Alkorta Bedialauneta hirigintza zinegotziak.
“Agintaldiko planari jarraituz egindako aurrekontuak dira. Uste dut herritar gehienek ikusten dituzten beharrizan estrategikoekin bat egiten dutela aurrekontuek”.

Herritarren ongizatea oinarrizkoa da. Herritarren ongizatea bermatzea oinarrizko ekinbidea Udalaren ustetan eta horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomiko guztiak ipiniko dira aurten ere, batez ere herritar zaurgarrienen ongizaterako. Lea Artibai Mankomunitatearen esku daude gizarte zerbitzuak eta ingurumen arloa, beraz, horiek kudeatzeko 1.805.230,72 euro bideratuko zaizkio. Horrez gain, lehen mailako gizarte laguntzetarako beste 62.865,93€ bideratuko dira eta ongizate arlotik beste 885.861,29 euro Artibai Egoitzara. Zaldupe udal kiroldegiak 646.199,27 euroko diru partida izango du. Zaldupe eskolako barne arotzeria berrizteko 90.000 euro bideratuko dira. Udaltzainen bulego berria Arrantza Eskola izan zenaren beheko solairura lekualdatuko da, bulego erosoagoa, funtzionalagoa eta irisgarriagoa izateko, herritarrei arreta zerbitzu hobeago bat emateko asmotan. 50.000 euro bideratuko dira horretara. “Herritarren beharrizanak asko areagotu eta aldatu dira azken urteetan, batez ere Udaltzaingotik askoz zerbitzu gehaigo eskaintzen ditugulako. Azpiegitura berria beharrezkoa da izan nahi dugun udaltzain eredu hori lortzeko bidean”, aitortu du Aitzol Osa udaltzainburuak.
“Bestalde, ondarrutarrok erabiltzen dugun uraren kalitatea bermatzeko, Larruskaingo lursail bat erosiko dugu (Markina-Xemein eta Etxebarriako lurretan), bertan baitago herrira datorren uraren iturburua. 43.000 euroko inbertsioa izango da, eta guztira 114.667 metro karratu erosiko dira. Zertarako? Artibai ibaiaren eta bere errekastoen kontserbazioan garrantzi handia daukalako, Ondarroan edaten dugun ura kalitatezkoa izango dela bermatzeko eta Lea Artibai eskualdean bertoko basoaren aldeko apustua egin nahi dugulako”, adierazi du Urtza Alkorta alkateak. Urriaren 23ko udalbatzan hitz egin zuten gaiari buruz bi udal taldeek, eta ondo ikusi zuten. Lurgaia fundazioaren bitartez egingo da kudeaketa eta dirulaguntzen bidez inbertsio zati handi bat errekuperatu ahal izango da.
“Oinarrizko urratsak ematen ari gara agintaldi honetan: Kamiñazpiko igogailu publikoa eta ikasgela berria amaitzear daude, futbol zelaiko aldagelak, terrazen ordenantza, kiroldegian gimasio berria egitea, hiri mugikortasun plana, Portu Zuzendaritzarekin hitzarmena, Arrigorri ostatuaren inguruko hausnarketa prozesua, Etxelilako zerbitzu berriak… ildo beretik jarraituko du aurtengoak ere, lau urteko plana betez”.
Beste diru partida garrantzitsu batzuk hauek izango dira: aukera berdintasuna 190.204€, bide publikoen zolaketa 149.228,76€, euskararen sustapena 122.580€, Herribusa 97.020,81€, Unanue Udal Musika Eskola 369.962,07€, Errebala Txikiñe gaztelekua 28.202,89€, Txomin Agirre udal liburutegia 44.715,41€, gazte ekintzak 59.251,86€, enpleguaren sustapena 10.197€, enpresen garapenerako 51.001,44€ (Lea Artibai Fundazioari), merkataritza 27.102€, Andra Mari jaiak 180.259,14€, ingurumenaren babeserako eta hobekuntzarako 70.291€. Udaltzainek beraien ibilgailuan ipintzeko desfibrilatzaile bat ere erosiko da (1.200€). Horrela, edozein larrialdiren aurrean herriko edozein puntutara eraman ahal izango da.
Baina agintaldiko helburuak ez dira bakarrik inbertsioak, baita plangintza estrategikoak ere, Ondarroa etorkizun hurbileko erronketarako prest ipiniko dutenak. Horren erakusgarri dira 2026an ere lanketarako tresna izango dira ekonomia urdinari lotutako Circular Seas proiektuaren baitako portuaren eraberritze eta suspertze plana, eskualde mailan egiten ari den turismo estrategia edota Fundazioaren bitartez egiten ari diren merkataritza biziberritzeko plana, besteak beste Ondarroan zentratuko dena.

2023-2027 agintaldiko planari dagozkien hainbat proiektu, dagoeneko gauzatuak edo martxan daudenak.



