Skip to main content

2027a urte berezia izango du gure herriarentzat eta horren harira egutegi berezia argitaratuko du Udalak Gabonetan. Baina egutegi horretan agertzeko argazkiak herritarrenak izatea nahi du Udalak, eta 700. urteurrena baliatuz, egutegia osatzeko argazki lehiaketa ipini du martxan Udalak.

Edonork aurkeztu ditzake argazkiak, komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora bidalita. Pertsonako, gehienez, sei argazki bidali daitezke, egilea nor den eta argazkia non ateratakoa den adierazita. Argazkiak urriaren 10etik urriaren 18ra aurkeztu beharko dira.

Herritarrek aukeratuko dituzte egutegia osatuko duten argazkiak, bozketa bidez. Bozketa hori telematikoa izango da, jaietako kontzertua aukeratzeko egin zen antzekoa, eta aragzkiak entregatzeko epea amaitutakoan ipiniko da martxan.

LEHIAKETAREN OINARRIAK:

  • ANTOLATZAILEA: Ondarroako Udala.
  • HELBURUA: Ondarroak 700 urte beteko ditu 2027an. Urteurren hori ospatzeko egutegi bat argitaratuko du Ondarroako Udalak eta helburua da egutegi horretarako argazkiak batzea.
  • PARTE-HARTZAILEAK: 16 urte edo gehiago dituzten Ondarroan erroldatutakoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan.
  • GAIA: Ondarroa. Herria irudikatzen duen edozein argazki onartuko da, beti ere irain edo errespetu faltarik edo giza eskubideen kontrako mezurik agertzen ez bada.
  • ARGAZKIAK: Argazkiak horizontalak izan beharko dira, eta gutxienez, 2 Mb-ko pisua izango
    dute, eta gehienez, 10 Mb-ekoa. Argazkiak JPG, PNG edo TIFF formatuetan aurkeztu beharko dira. Telefono mugikorrarekin ateratako argazkiek ere balioko dute.
    Argazkiak originalak izan behar dira, eta ezingo da beste norbaitena den argazkirik edo beste nonbaiten (lehiaketa edo ordaindutako beste edozein ekimen) agertu denik aurkeztu. Argazkiarekin batera egilea nor den esan beharko da, eta baita non ateratakoa den ere. Lehiakideak izango dira aurkeztu dituzten obren erantzule, baita lanaren gain hirugarrengoek aurkez lezaketen edozein erreklamazioren aurrean ere, hala nola, egiletzari, irudi eskubideei, originaltasunari, antzekotasunari, kopiari eta abarri dagozkienak.
  • LAN KOPURUA: Partaide bakoitzak, gehienez ere, sei argazki aurkeztu ahal izango ditu. Sei argazki aurkezteko aukera egon arren, gehienez ere, pertsona bakoitzeko 3 argazki sarituko dira.
  • LANEN AURKEZPENA: Lanak emailez aurkeztuko dira: komunikazioa@ondarroa.eus Argazkietan, lehenengo edo erdiko planoan, norbait azaltzen bada, pertsona horren baimen esplizitua aurkeztu beharko da, eta egileak izango du erantzukizuna erreklamazioren baten aurrean. Aurkeztutako argazkiak bakarrik 2027ko Udal egutegia osatzeko erabiliko dira, ez beste ezertarako.
  • LANAK AURKEZTEKO EPEA ETA LEKUA: Argazkiak emailez bidaliko dira komunikazioa@ondarroa.eus helbidera. Mezuan ondorengo datuak agertu beharko dira: egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, eta argazkiaren lekua. Argazkiak aurkezteko azken eguna: 2026ko urriaren 18a.
  • SARIAK: Hamabi argazki aukeratuko dira. Saridun bakoitzak 100 euroko erosketa txartela jasoko du herrian bertan gastatzeko. Irabazleei posta elektronikoz jakinaraziko zaie garaileak direla, baina ezingo dute publiko egin egutegia argitaratzen den arte.
  • EPAIMAHAIA: Herritarrek aukeratuko dituzte, bozketa bidez, egutegia osatuko duten lanak. Argazkiak jasotakoan, guztiak prestatu eta bozketa irekiko da.