Zerga eta tasa gehienek igoera izango dute datorren urtean, KPIaren eta zerbitzu publikoen kostuen bilakaeraren azpitik, hau da,% 4ko , zerbitzu publikoaren kostuaren bilakaeraren azpitik (% 4,9 Bizkaian). Zabor bilketaren eta tratamenduaren kostuen igoerarengatik hondakinen tasa eguneratu beharrak % 43ko igoera eragin du.
Ondarroako Udalbatzak 2027ko ordenantza fiskalak onartu ditu gaur, urriaren 22an, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ/PNVren aurkakoekin. Zerga eta tasa gehienek % 4ko igoera izango dute datorren urtean. Erabakiaren helburua da udal zerbitzu publikoak, gizarte laguntzak eta herritarren ongizaterako funtsezkoak diren baliabideak mantentzea, haien kostuek azken urteotan izan duten gorakada kontuan hartuta.
Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak azaldu duenez, Udalak ahalegina egin du igoera neurritsua ezartzeko, zerbitzuen kalitatea eta eskaintza bermatzeko eta herritarrengan izan dezakeen eragina ahalik eta gehien mugatzeko.
«Badakigu zergen eta tasen igoerak ahalegin gehigarria eskatzen diela herritarrei, eta ez da inori gustatzen zaion neurria. Baina gure ardura da Ondarroan beharrezkoak diren zerbitzuak bermatzea eta herritar guztiei arreta ematen jarraitzea. Zerbitzu horien kostuak handitzen ari dira, eta horri erantzuteko hartu dugu erabakia», adierazi du alkateak. EAJko bozeramaileak esan du euren ustez igoera handiegia dela, nahiz eta jakin oinarrizkoak diren zerbitzuak mantentzea garrantzitsua den. Esan du, adibide modura, 2023an 22 euro ordaintzen zena 2027an 52 euro ordainduko dela.
Zerbitzu publikoak eta gizarte babesa bermatzea, lehentasuna
Udalak azken urteotan gora egin duten zerbitzuen eta horniduren kostuak hartu ditu kontuan ordenantza fiskalak eguneratzerakoan. Besteak beste, udal langileen soldatek % 4,5eko igoera izango dute, Espainiako Gobernuak eta sindikatuek adostutakoaren arabera, eta zerbitzuak ematen dituzten enpresen kostuek ere gora egiten jarraitzen dute.
Egoera horren aurrean, Udalaren helburua da kostuen gorakadari erantzutea, herritarrei dagokien zama ahalik eta gehien mugatuz eta udal aurrekontuaren kudeaketa arduratsua eginez.
«Gure lehentasuna argia da: gizarte zerbitzuak, dirulaguntzak, Herri Busa, kiroldegia, Artibai Egoitza, Etxelila eta herritarrei eskaintzen dizkiegun gainerako zerbitzuak mantentzea. Horretarako, diru sarrerak eta gastuak orekatu behar ditugu. Zerga eta tasen igoerak gastuen gorakada osoa estaltzen ez duenez, Udalak beste aurrekontu partida batzuetan doikuntzak egin beharko ditu 2027an», azaldu du Alkortak.
Zerga eta tasa gehienen % 4ko igoera Bizkaiko KPIaren % 4,9ko igoeraren azpitik dago, emandako datuen arabera. Horrela, Udalak eguneraketa mugatu bat egitea erabaki du, zerbitzuen kostuen bilakaera kontuan hartuta.
Tasa turistikoa: turismoak sortutako gastuei aurre egiteko
2027an, Ondarroak tasa turistikoa aplikatuko du, indarreko araudiaren arabera. Tasa ostatu turistikoetan gaua igarotzen duten bisitariei aplikatuko zaie, eta bildutako dirua turismoak sortutako gastuei aurre egiteko.
Onartutako tarifak hauek dira:
- Ostatuetan: 1,75 euro gau bakoitzeko.
- Etxebizitza turistikoetan: 3,50 euro gau bakoitzeko.
Tasa gehienez sei gautan aplikatuko da. Neurriaren helburua da bisitarien egonaldiak herrian eragiten dituen beharrak eta gastuak kudeatzen laguntzea, turismoaren eraginari modu orekatuan erantzuteko.
Hondakinen tasa: bilketa eta tratamenduaren kostuei aurre egiteko, % 43ko igoera
2027ko ordenantza fiskalen barruan, hondakinen tasak izango du igoerarik handiena: % 43koa. Udalak azaldu duenez, eguneraketa horren atzean hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuaren kostuen gorakada dago, baita indarreko araudiak ezarritako finantzaketa-betebeharrak ere.
Hondakinen kudeaketak gero eta kostu handiagoa du, eta egungo birziklapen mailak ere eragina du udalerriek beren gain hartu behar duten gastuan. Igoera horren bidez, Udalak hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren kostuak estaltzea du helburu.
Igoeraren arrazoi nagusiak honako hauek dira:
- Birziklapen maila hobetzeko beharra. Europar Batasunak ezarritako helburuetara iristen ez denez, hondakinen kudeaketak kostu handiagoa eragiten du.
- Bilketa zerbitzuaren lizitazio berria. Lea Artibai Mankomunitateak abian jarritako kontratazio prozesu berriak gastu handiagoa ekarriko du. Aurreko lizitazioa hutsik geratu ondoren, zerbitzua bermatzeko kostuak berriz aztertu behar izan dira.
- Tratamenduaren garestitzea. Birziklatzen ez diren hondakinak tratamendu plantetara eramateak kostu handiagoa dakar, eta azken hilabeteetan prezioek gora egin dute.
- Zerbitzuen hornitzaileen kostuak. Hondakinen bilketa eta tratamendu katean parte hartzen duten enpresen zerbitzuen prezioek ere gora egin dute.
Udalak azpimarratu du igoera horren helburua hondakinen kudeaketak sortzen duen gastuari aurre egitea dela, zerbitzua bermatu ahal izateko. Aldi berean, birziklapen ohiturak hobetzea funtsezkoa da hondakinen tratamenduaren kostuak murrizteko eta ingurumenaren zaintza indartzeko.
Jarraian datozen datu hauek argi erakusten dute Ondarroak zer nolako ekarpena egin behar izan duen Lea Artibai Mankomunitatean hondakinak biltzeko eta tratatzeko sistema ordainzteko. Argi ikusten da gastuaren gorakada:
- 2021ean, 506.065,53 €
- 2022an, 501.777,15 €
- 2023an, 540.074,95 €
- 2024an, 612.300,33
- 2025ean, 606.188 €
Beste aldaketa batzuk
2027ko ordenantza fiskalek beste aldaketa batzuk ere jasotzen dituzte:
- Udal hilerria: orain arte hilero ordaintzen zen kuota urteko ordainketa bakarrean bilduko da.
- Kutxazain automatikoak eta salmenta makinak: kalera ematen duten kutxazain automatikoek eta salmenta automatikoko makinek dagokien zerga ordaindu beharko dute.
Udalak 2027ko ordenantza fiskalak eguneratu ditu udal zerbitzuen jarraikortasuna bermatzeko eta herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko. Erabakiaren oinarrian dagoen helburua da udal baliabideak modu arduratsuan kudeatzea eta Ondarroak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak mantentzea, bereziki babes eta laguntza gehien behar dituzten herritarrak kontuan hartuta.



