Alerta laranja dela eta, Larrialdi Mahaia aktibatu du Ondarroako Udalak

0

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du biharko (urriak 9) 06:00etatik 18:00etara, haize bolada handiengatik. Hori dela eta, Ondarroako Udalak Larrialdi Mahaia aktibatu du, herrian izan dezakeen eragina aztertu, arriskuak saihestu eta koordinazio lana hobetzeko. Larrialdi Mahaian, ordezkariez gain, Udaltzaingoa eta Hirigintza saileko teknikariak ere badaude, udalaren larrialdi planari jarraituz.

Haizeguneetan, eta horrelakotzat hartzen dira Ondarroako hainbat eremu, hego/hego-mendebaleko haize boladek 120 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete. Itsasoan nabigatzeko arriskua ere azpimarratu du Jaurlaritzak, batez ere lehen bi milietan.

HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK:

  • Eguazten arratsaldean, urriaren 9an, ahal dela ez bidaiatu errepidez, eta, batez ere, saihestu basoak edo landaretza handiko eremuak.
  • Egun horretan ez joan mendira.
  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
  • Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
  • Kendu lorontziak eta kalera erori daitezkeen objektu guztiak.
  • Itsasaldean bazaude, urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
  • Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi hauen amarreak. Ez egin uretako kirolik.
  • Espazio publikoetan elementu ez-finkoak ipintzen dituztenei, tabernetako terrazen eguzkitakoak edo haimak esaterako, hauek ez jartzea eskatzen zaie, sortu dezaketen arriskuarengatik.
  • Aipatutako orduetan, arriskutsuak izan daitezkeen lekuetan aire libreko kirolik edo jarduerarik ez egitea gomendatzen da.

LARRIALDI KASUETAN, DEITU 112 ZENBAKIRA

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina