Skip to main content

Ondarroako Udalak aitortza instituzionala egingo dio datorren abenduaren 19an (barikua) 12:00etan Txomin Letamendi Muruari. Kofradia Zaharreko bigarren solairuan egingo da ekitaldia. Bere heriotzaren 75.urteurrena izan bezperan egingo da ekitaldia.

Biktima guztiek behar dute aitortza, eta Txomin Letamendi Murua biktima dela aitortu berri du Gogora Institutuak berriki, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eta Letamendi familiak horrela eskatuta Eusko Jaurlaritzari, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legean oinarrituz. Eskaera horretan, besteak beste, aitortza instituzionala eta egia judiziala eskatu zituzten, “haren ohorea eta bidezko gogobetetze morala berreskura ditzan”. Letamendiri egindako torturen eta heriotzaren erantzuleen aurka jarritako kereila itxi ostean etorri da erabaki hau. Esan modura, errekonozimendu judiziala egiteko tramiteak ere martxan daude, 20/2022 Memoria Demokratikoaren Legeak gaitutako borondatezko jurisdikzioan oinarrituta, gertakarien ziurtagiri judiziala helburu. Ziurtagiri horrek hauek jasoko lituzke: “tortura, espetxean laguntzarik ez izatea, eta, azkenik, heriotza moduko gertaerak, eztabaidarik sortzen ez dutenak, inork zalantzan jartzen ez dituenak, baina epaitegi batek behin betiko berrestea eskatzen dutenak”.

Letamendi Madrilen (Espainia) hil zen, 1950eko abenduaren 20an, frankismoaren errepresio-agenteek eragindako tortura handien ondorioz. EAJ/PNVko militantea zen. Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen (gudarien komandante karguan). Ondorioz, Parisera (Frantzia) erbesteratu zen eta Euskal Informazio Zerbitzuari laguntzen hasi zen bertatik. Parisen bertan ezagutu zuen Karmele Urresti ondarrutarra, bere emaztea izango zena. Handik Venezuelara erbesteratu ziren biak. Hiru urteren ondoren itzuli ziren Euskal Herria, Jose Antonio Agirre lehendakariak hala eskatuta; Euskal Informazio Zerbitzuan egin zuen lan. 1947an atxilotu egin zuten, eta espetxeratu egin zuen bost urterako Gerra Kontseiluak. Madrilen (Espainia) hil zen, jasandako tortura fisiko eta psikiko basatien ondorioz.

Ekitaldian erakunde publiko desberdinen ordezkariak ere egongo dira.