Ondarroako Udalak auzo batzarra deitu irailaren 17rako (eguaztena), 18:00etan Kofradia Zaharreko 2.solairuan, Alde Zaharreko eta Kamiñaldeko trafikoa murrizteko ipini zen matrikula irakurgailu sistemaren balorazioa egiteko. “Lehen datuak jaso eta urtebetera balorazio bat egiteko bizilagunekin elkartuko ginela esan genuen, eta horregatik antolatu dugu batzar hau, iritziak ezagutu eta denon artean balorazio bat egiteko”, esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.
Iazko martxoak hasi ziren martxan matrikula irakurgailuak eta urrian lehen datuak argitaratu zituen Udalak; ibilgailuen joan etorriak %40 murriztu ziren. Esan bezala, datuak izan eta urte betera lehen balorazioa egiteko konpromisoa hartu zuen Udalak, eta helburu horrekin deitu da auzo batzarra.
Proiektua, auzotarren eskaritik abiatuta egin zen, arazo larria zegoelako Alde Zaharreko goiko kaleetan eta Kamiñalden, ibilgailuen joan etorri handiak oinezkoen segurtasuna ezbaian jartzen zuelako. Helburu nagusiak bi ziren, eta momentuz, lortu dira: ibilgailuen joan etorriak murriztea eta horrela oinezkoen segurtasuna areagotzea. Proiektuak kontuan hartu beharreko neurriak ere auzotarrekin hartu ziren: abiadura, gehienezko denbora…
Auzo batzarra proiektuari buruz berba egiteko izango da, iritziak elkarbanatzeko, hobetzekoak hobetzeko eta bizilagunen ahotsa entzuteko. Alkateak eta udaltzainburuak hartuko dute parte bileran.

Musika Plazaren parean dagoen matrikula irakurgailua.



