Iaz hasitako bideari jarraituz, herritarrek aukeratuko dute aurten ere Andra Mari jaiak iragartzeko kartela zein izango den; uztailaren 3tik (barikua) 12ra (domeka) bitartean egongo da horretarako aukera. Astegunetan, 18:30etik 21:00etara eta asteburu eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara egongo dira kartelak ikusgai Udal Erakusketa Aretoan.
Sei kartel aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Ondarroan erroldatutakoek daukate bozka emateko aukera. Bozka guztiak aurrez-aurrekoak izango dira, Udal Erakusketa Aretoan egongo den hautestontzian. Pertsona bakoitzak bozka bakarra eman ahal izango du, eta, pertsona baten bozka bat baino gehiago daudela ikusiz gero, bozka guzti horiek baliogabetuta geratuko dira.
Iaz ekin zitzaion kartela aukeratzeko metodo berri honi, herritarren partehartzea handitzeko asmoz. Iazko arrakasta ikusirik, -500 herritar baino gehiagok eman zuten bozka-, aurten ere bide beretik jarraitzea erabaki da. Hori gutxi ez eta aurten, Kuadrila Eguneko kontzertuak aukeratzeko prozesua ere ipini da martxan, hau ere, herritarren partehartzea sustatzeko asmoagaz; Maruxak eta Hofe arituko Kuadrila Egunean Itsasaurreko karpan.



