Skip to main content

Andra Mari jaietako Kuadrila Egunean (abuztuak 16) Itsasaurren egiten den kontzertua zein taldek joko duen herritarrek aukeratuko dute aurten, parte hartze prozesu baten bitartez. “Beste herri batzuetan ondo funtzionatzen duen sistema dela ikusi dugu, herritarrak inplikatzen dituena, eta guk ere gurera ekartzea erabaki dugu”, esan dute udal ordezkariek. “Iaz, jaiak iragartzeko kartel irabazlearen aukeraketa ere batzordetik herritarrengana eraman genuen, eta zuzeneko bozken bitartez herritarrak izan ziren irabazlea aukeratu zutenak. Erantzun ona ikusita, aurten ere berdina egingo dugu, bai kartelarekin eta baita kontzertuarekin ere”, gaineratu du Ion Iñaki Artetxe kultura zinegotziak.

Jaiak abuztuan diren arren, prozesua orain hasiko da, gero barneko lanketa egin ahal izateko eta kontratazioa egiteko denbora izateko.

Jaietan parte hartzea sustatzea ez ezik, jaien antolaketan eta ideien ekarpenetan ere herritarrak erdigunean ipintzea da Udalaren helburua: “kontzertua aukeratzen, jaien kartel iragarlea aukeratzen, Kuadrila Egunerako gaia proposatzen…”.

[EGIN HEMEN ZURE PROPOSAMENA]

PROZESUA:

1) Herritarrek euren proposamenak egingo dizkiote Udalari, horretarako prestatutako formularioa betez, bai online eta bai paperean. Paperean betetako galdetegiak Turismo Bulegoan edo Erregistro Orokorrean entregatu ahal izango dira. Martxoaren 15erarte (domeka) egongo da zabalik proposamena egiteko epea. Herritar bakoitzak talde bat baino gehiago proposatu ditzake, baina proposamen bakoitzeko eskaera orri bat bete beharko du.

2) Udal gobernuak proposamenak aztertu, eta irizpideen arabera, onartuen eta ez-onartuen sailkapen bat egingo du: hizkuntz irizpideak, genero irizpideak, irizpide ekonomikoak, talde horrek iaz Ondarroan jo bazuen… Irizpide horiek aztertutakoan eta onartuen zerrenda dagoenean, bozketa zabalduko da, apirilean.

3) Bozketa. Udalaren irizpide guztiak betetzen dituzten taldeak argitaratu egingo dira, Udalaren ohiko komunikabideen bitartez, eta herritarrek bozkatu egingo dute. Bozketa horren arabera sailkapen bat egingo da eta Udalaren kultur saila talde horiek kontratatzen ahaleginduko da, hurrenez hurren, sailkapenaren arabera. Sailkapen hori herritarrei erakutsi egingo zaie, ikusteko zein hurrenkeratan egingo den kontratazioa ahalegina.

[EGIN HEMEN ZURE PROPOSAMENA]

Ondarroako Udalak argi utzi nahi du bozketako hurrenkeraren arabera ahaleginduko dela Kaudrila Eguneko kontzertua kontratatzen, baina hori, taldearen agendaren disponibilitatearen araberakoa eta baldintza ekonomikoen araberakoa izango dela.

[EGIN HEMEN ZURE PROPOSAMENA]

Delirium Tremens taldearen kontzertua, iaz, Itsasaurreko karpan.