Astelehenean (abuztuak 31) zabalduko da berriro ere Zaldupe udal kiroldegia. Uda hasieran jakitera eman genuen modura, energia kontsumoa aurrezteko eta optimizatzeko lanen lehen jarduketak egin dira abuztuan. Hala ere, lan hauek atzerapen txiki bat izan dute eta azpiegitura guztia ohi modura zabalduko den arren, dutxetan ez da ur berorik egongo, lanen atzerapen horrek eraginda.
Lanak lehen faseko 2, 3 eta 4. atalei dagozkie eta besteren artean gas naturalaren eta elektrizitatearen kontsumoa jaisteko hainbat jarduketa egin dira instalakuntzetan. Iaz egin zen lehen faseko lehen atala, gimnasioaren klimatizazioa. Uda honetan, ura aurreberotzeko aerotermia sistema txertatu da gaur egungo instalazioan, ur bero sanitarioaren hoditeria aldatu da eta, laster, panel fotovoltaikoak ipiniko dira. Aurrerago proiektuaren 2. fasea burutuko da: igerilekuaren deshumektazioa, aldagelen aireztapena eta produktu kimikoak gordetzeko lekua. Hoditeriaren aldaketa horretan gertatu da atzerapena eta horregatik ez dago ur berorik dutxetan; egun batzuetan konpontzeko gorabehera izatea espero da. Igerilekuei ere ohiko desinfekzio eta garbitasun prozedura egin zaizkie eta igerileku txikiak zeukan filtrazioa ere konpondu da.
Gas naturalean eta elektrizitatean 1.239.517 kWh kontsumitzen ditu urtero Zaldupe udal kiroldegiak; bestera esanda, 125.678,06 euroko gastua eta 335.780kg C02 isurtzen dira. Hori zuzentzeko asmoz ari dira lan guztiak egiten, energiaren kontsumo arduratsuaren konpromisoa betez.
Astelehenetik aurrera neguko ordutegiarekin zabalduko da Zaldupe udal kiroldegia, hau da, aste barruan 07:30etik 21:00etara, zapatuetan 09:00etatik 13:30era eta 16:30etatik 20:00etara eta domeketan, ostera, 09:00etatik 13:30era.
Energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioa. 80 plakaz osatutako 44 kWp-ko potentzia nominaleko instalazio fotovoltaikoa ere ipiniko da, beharrezkoa denean soberako energia sare elektrikora isurtzeko aukera duena Proiektu honen garapenarekin energia kontsumoa murrizteko eta kostu ekonomikoak murrizteko plangintzarekin jarraitzen du Ondarroako Udalak: biomasa galdara berriaren instalazioa Arrigorri Ostatuan, aerotermia sistema bidezko %70eko energia autoekoizpena Zaldupe udal futbol zelaian, brigadako ibilgailu elektrikoak, kiroldegiko gimnasioaren aireztapen sistema…




