Skip to main content

Astelehenean (martxoak 30) zabalduko du Ondarroako Udalak herriko ikasgela berria, Arrantza Eskola izandakoaren beheko solairuan (San Ignazio, 19). Ikasgela berri honek orain arte Txomin Agirre Udal Liburutegian zegoena ordezkatuko du, eta ikasleei ordutegi zabalagoa, leku erosoagoa, isiltasun handiagoa eta konektibitate hobea eskainiko dizkie; 32 lagunentzako aforoa dauka. Ikasgela berria erabili ahal izateko eskaera orria bete eta entregatu behar da Txomin Agirre udal liburutegian.

Goizeko 06:00etatik gaueko 23:00etara egongo da zabalik, egunero; erabiltzailea izateko bi baldintza bete behar dira: 16 urte beteta izatea eta Lea Artibai eskualdeko herriren batean erroldatuta egotea.

Ikasgelako erabiltzailea izateko eskaria liburutegian egin behar da eta horretarako beharrezkoa da erantzukizunpeko adierazpena sinatuta entregatzea eta nortasun agiria aurkeztea. Ikasketa gelarako sarrera eta irteera mugikorreko aplikazio baten bidez kontrolatuko dira. Baimena pertsonala da eta ezin zaio beste bati utzi; pertsona bat sartu edo irteterakoan, atea itxi behar da hurrengoa sartu edo atera baino lehen, erregistratuta geratzeko. Gelako aforoa ezin da gainditu eta aulki librerik ez badago, ezingo da sartu. Azpimarratu behar da ikasgela ez dela talde lanak edo proiektuak egiteko lekua, bakarkako lanerako tokia baizik; isiltasuna mantendu behar da. Ezin da eserlekuen erreserbarik egin eta aulki bat hartu ondoren, gehienez ere 30 minutuz egon ahal izango da tokia hutsik.

00.Ikasketa gela_Inprimakia eta araudia_20250323

Eskaera orria udal liburutegian eskuratu daiteke, eta baita ere komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora eskatuta. Gero, liburutegian entregatu behar da.

Prozesua. “Gazte batzuk etorri zitzaizkigun duela denbora dexente udaletxera, halako espazio berri baten beharra azalduz, beraien ustez, garrantzitsua zelako liburutegikoak baino baldintza hobeak zituen ikasgela bat izatea herrian”, azaldu du Irina Alkorta Bedialauneta hezkuntza batzordeburuak. Ondo ikusi genuen ideia, eta hainbat espazio eta lokal aztertu ondoren, Andra Mari Parrokiarekin jarri ginen harremanetan leku hau uzteko. Segituan esan ziguten baietz. Hitzarmena sinatu eta berehala hasi ginen lekua prestatzen, zerotik: margotu, argiteria berritu, Interneteko konexioak ipini, irisgarritasuna bermatzeko plataforma berrabiarazi… “nahi baino luzeagoak izaten dira hemen gauzak, baina astelehenean zabaltzeko prest dago ikasgela berria”.