Skip to main content

Ondarroako Udalaren Berdintasun Kontseiluak, Etxelilak eta Ondarroako Mugimendu Feministak egitarau bete-betea antolatu dute aldarrikapenez beteriko hilabete honetarako. Azaroaren 19a (Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna) eta azaroaren 25a (Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna) ardatz hartuta, hilabete guztian egongo da programazioa martxan.

Hilaren 19ko 19:00etarako kontzentrazioa deitu du Ondarroako Mugimendu Feministak, Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna dela eta. Ondarroako Udalak ere bat egiten du deialdi honekin eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen die. Gai berarekin lotuta, biharamunean Caterva, Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen inguruko solasaldia egongo da Etxelilan, 18:30ean, Kristina Pozo Sevillarekin.

Hilabete guztian Esther Agrasar Pesqueira sortzaile ondarrutarraren Munduko emakumeak koloretan erakusketa dago ikusgai Etxelilan.

Azaroaren 22a 11-13 urte bitarteko neska* gazteei zuzenduta egongo da, autodefentsa feminista. Emakumeak* gaztetxoak direnetik pairatzen dituzte erasoak, horiei ahaldutzetik erantzuten ikasiko da tailerrean. 17:00etatik 20:00etara izango da saioa Etxelilan eta izena eman behar da.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Egun honetarako manifestazioa antolatu du OMFk, 19:00etan Zaldupetik. Udalak ere bat egingo du manfestazio horrekin.

Egitarauarekin amaitzeko, bi ikuskizun. Lehenengoa, azaroaren 28an, barikua. Esne berriketan kontakizunetan oinarritutako bertso saio literarioa: Uxue Alberdik kontatu, Iban Urizar Amorantek musikatu, Ane Labakak eta Oihana Bartrak kantatu. Tartean, Ondarroako emakumeak ere izango dituzte hizketagai. 19:00etan, Kofradia Zaharrean. Hurrengo egunean Argako Erregina ikuskizuna egongo da Kofradia Zaharrean, Remigia Etxarren Iruñeko funanbulistari buruzkoa, Estefania de Paz Asinen eskutik. Ondarroako Euskal Wikiemakumeak taldeko kideek ere parte hartuko dute.